Eneritz Argintxona Fraileren hilketagatik 48 urteko kartzela zigorra ezarri diete bi gizoni. Argintxona hiltzeagatik eta hari lapurreta egiteagatik kondenatu dituzte bi gizonak: 30 urteko kartzela zigorra bete beharko du bakoitzak erandiotarra hiltzeagatik, eta beste hemezortzikoa hari lapurreta egiteagatik. Hala zehaztu du Panamako Bocas del Toroko Fiskaltzak.
Argintxona Erandiokoa zen, eta 30 urte zituen. 2024ko uztailaren 26an desagertu zen, Panaman, eta geroago jakin zen hil egin zutela: hari lapurreta egiteko asmoz, kolpe bat eman zioten buruan, eta haren ondorioz hil zela baieztatu zuten autopsian.
Panamako Fiskaltzak orain bi aste jo zituen erruduntzat Bizkaiko emakumea hiltzeaz akusatutako bi gizonak, ekainaren 29an, baina ez zuen zehaztu zenbateko kartzela zigorra bete beharko zuten. Bi gizonak 2024ko abuztuaz geroztik daude atxilotuta, hilketarekin zerikusia izatea leporatuta. Panamakoak dira biak, eta 41 urte ditu batek, eta 22 besteak.
Argintxona Costa Rican boluntario zebilen 2024an, eta Panamara joan zen egun batzuk igarotzera. Carenero uhartearen inguruan agertu zen haren gorpua, justu familiak desagertu zela salatu berritan. Astebete geroago baieztatu ahal izan zuten erandiotarraren gorpua zela.

