Gaur 50 greba egun bete dituzte Gipuzkoako sei zahar etxetan: Errenteriako Sagrado Corazon, Zumaiako San Juan, Zumarragako Argixao eta Donostiako Villa Sacramento, Txara II eta La Paz. ELA sindikatuak eman du horren berri, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio ratioak handitzeko eta greba konpondu dadin esku hartzeko. Are, ELA sindikatuak deituta, Gipuzkoako adinekoen egoitzetan greban dira gaur, eta manifestazioa egin dute Donostian.Â
Hiriburuko Txara erresidentziatik hasi dute mobilizazioa, eta geldialdia egin dute Jaurlaritzaren lan arloko ordezkaritzaren aitzinean, salatzeko erakunde horrek ez duela esku hartzen auziari konponbidea emateko. Are, «egiten duen gauza bakarra» gutxieneko zerbitzuak indartzea da, langileen irudiko. «Hain zuzen ere, %90eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu. Horrek agerian uzten du Jaurlaritzak eta aldundiko dekretuak ezarritako urteko langile kopurua oso eskasa dela, eta urte osoan langileek gutxieneko zerbitzuak ematean bezala lan egiten dutela», erran dute.
Salatu dute, halaber, enpresek ez dituztela ratioak betetzen —ordezkapenak ez baitira egiten—, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Jaurlaritzak ez dutela neurririk hartzen halakorik ez gertatzeko. Hala, bi erakunde horien hipokrisia kritikatu dute.Â