50 urte bete dira Joseba Elosegik bere buruari su eman zionetik Francoren aurrean

Gernikako bonbardaketarekin eragin zuena «sentiarazi» nahi izan zion protesta horrekin. Gudaria izan zen 36ko gerran, eta senataria Franco hil ostean.

Joseba Elosegi, sutan, Anoeta pilotalekuan. SABINO ARANA FUNDAZIOA
Andoni Imaz.
2020ko irailaren 18a
12:21
Entzun

1970eko irailaren 18an, Munduko Pilota Txapelketako partida bat jokatu zuten Donostiako Anoeta pilotalekuan —Atano III.a gaur egun—. Han zen Francisco Franco diktadorea, Espainiako estatuburua. Joseba Elosegi ekintzaile abertzaleak bere buruari su eman zion, eta kantxara jauzi egin zuen «Gora Euskadi askatuta!» oihukatuz.

Ekintza harekin ez zuen Franco hiltzeko asmorik, bere autobiografian idatzitakoaren arabera. «Francok euskaldunen herri santua suntsitzeko Gernikan eragin zuen sutea senti zezan nahi nuen. Sua gudariok piztu genuela zioen berak, munduaren aurrean entzutea kendu nahi zigulako euskaldunoi, eta nik su hura eraman nahi nion, berak eragin baitzuen». Elosegi erreduren ondorioz hil ez bazen ere, hamazazpi egunez egon zen erietxean. Zazpi urteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta horietatik hiru urte eta hilabete bat bete zituen, inputatuta zegoen beste kasu batean ezarritako indultuarekin aske geratu zen arte. Kartzelan zegoela idatzi zuen bere autobiografia: Quiero morir por algo (Zerbaiten alde hil nahi dut).

Elosegi Donostian jaio zen, 1915eko abenduaren 6an. 1936ko estatu kolpearen osteko gerran, 20 urte zituela, Euzko Gudarostean sartu zen. Saseta batailoian aritu zen. Bertatik bertara ikusi zituen Durangoko (Bizkaia) eta Gernikako (Bizkaia) bonbardaketak. Limpiasen (Espainia) atzeman zuten, eta Duesoko espetxean sartu zuten, heriotzara zigortuta. Bilbora eraman zuten gero, Larrinagako kartzelara, eta trukea egin zuten harekin 1938ko urtarrilaren 20an. Ondoren, Katalunian, Ipar Euskal Herrian eta Frantzia okupatun borrokatu zen gerran.

Erresistentzia ekintza batzuk egin zituen Anoetakoaren aurretik ere. Besteak beste, 1946ko uztailean, ikurrin bat jarri zuen Donostiako Artzain Onaren katedraleko dorre batean. Atxilotu egin zuten, ihes egin zuen, eta berriro atzeman zuten 1950eko uztailaren 18an. Martutenen sartu zuten preso, eta, atera zenean, Lapurdira joan zen. 1964an itzuli zen Donostiara.

Franco hil ondoren, 1977ko uztaileko hauteskundeetan, diputatu aurkeztu zen EAJren zerrendetan. Senataria izan zen Madrilen hamar urtez, 1979tik 1989ra. Tarte horretan, 1984an, Itxarkundia batailoiaren ikurrina ostu zuen Madrilgo Armadaren Museotik. Gerrako ikurren artean zeukaten jasota. «Ez dugu lapurtu: berreskuratu egin dugu», esan zuen gero.

1990eko azaraoren 5ean hil zen, 74 urte zituela, bihotzekoak jota.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.