50 urteko kartzela zigorra eskatu dute gizon batentzat, Erriberan bi nekazari hiltzea egotzita

56 urteko gizonari leporatu diote 2023an nekazari bat hiltzea Tuteran, eta beste bat Ribaforadan. Biktima baten sendiaren akusazio partikularrak espetxealdi iraunkor berrikusgarria galdegin du.

Bi nekazariak hiltzea akusatutako gizonezkoa Iruñeko espetxera eraman zuten iazko apirilean. VILLAR LOPEZ / EFE
Bi nekazariak hiltzea akusatutako gizonezkoa Iruñeko espetxera eraman zuten iazko apirilean. VILLAR LOPEZ / EFE
edurne begiristain
2026ko irailaren 3a
13:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Fiskaltzak eta akusazio partikularrak 50 urteko espetxe zigorra eskatu dute 56 urteko gizon batentzat, 2023ko azaroan eta abenduan Erriberan (Nafarroa) bi nekazari hil izana egotzita. Biktima baten sendiaren akusazio partikularrak, berriz, espetxealdi iraunkor berrikusgarria ere galdegin du akusatuarentzat. Herri epaimahaiekin epaituko dituzte biak ala biak.

2023ko azaroaren 22an izan zen hilketetako bat, Tuteran. Fiskaltzaren arabera, 68 urteko Pedro Oyon Villahermosa olibak biltzen ari zen Tutera inguruko landa batean, ustez erasotzaileak ustekabean labana batekin eraso zionean. Kolpeak eman eta lepoan hainbat labankada eragin zizkion, eta bertan hil zen. Fiskaltzak 21 urteko zigorra eskatu du hilketa horrengatik.

Bigarren hilketa abenduaren 21ean izan zen, Ribaforadan. 68 urteko Jose Luis Aguado Martinez bere baratzean lanean ari zela, akusatuak ustez hainbat kolpe eman zizkion buruan, eta nekazaria hil egin zen. Ondoren, haren autoa lapurtu eta ihes egin zuen; ibilgailua Lleidan (Herrialde Katalanak) aurkitu zuten. Fiskaltzak 25 urteko espetxe zigorra eskatu du hilketagatik, eta beste lau urtekoa lapurretagatik. Biktimaren familiaren akusazio partikularrak, ordea, zigor handiagoa eskatu du. Haren arabera, heriotza eragin zuen erasoa «bortizkeria handiz» egin zen, eta, horregatik, espetxealdi iraunkor berrikusgarria galdegin du harentzat, hilketa delituagatik ez ezik, biktima adinagatik zaurgarria zelako eta erasoa azpikeriaz egin zelako.

56 urteko gizona 2025eko martxoan atxilotu zuten, Frantzian, eta behin-behinean espetxean dago ordutik. 2023an, zaintzapean aske zegoen Gasteizen, jihadismoarekin lotutako aurrekariengatik, eta irailean lokalizagailua kendu eta Arabatik alde egin zuen. Bi hilketen ondoren, 2024ko urtarrilean, beste nekazari bat hil izana ere leporatu zioten: 84 urteko Ramon Rosell, Vilanova de la Barcan (Lleida). Hilketa horregatik ere epaiketa izango du.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA