Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun Sailburuak azken datuen berri eman du prentsaurrekoan. Kasuak aurreko egunetakoak baino apalagoak izan dira azken orduetan: 453. Halaber, igandeetan lehen arretako kontsultak ez direnez egiten, proba kopurua nabarmen murrizten da: 4.711 test egin dituzte azken orduetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aurreko egunean, 7.000 bueltan ibili ziren. Aldi berean, Nafarroako Gobernuak 95 kasuren berri eman du; beraz, 548 positibo izan dira guztira Hego Euskal herrian.
Bizkaian atzeman dituzte kasu gehien, 246 izan dira; Gipuzkoan 140 kasuren berri eman dute, eta Araban 43 positibo detektatu dituzte. Murgaren hitzetan, «bigarren olatua» aurrera doa, eta, kasuetan ez ezik, ospitaleratzeen kopuruan zein ZIUetan daudenetan ere ikus daiteke. Gaitzaren ondorioz erietxeetan sartu direnak 29 izan dira azken orduetan Hegoaldean, eta zainketa intentsiboetako unitateetan 36 pertsona daude. Udako agerraldiak hasi zirenetik ZIUetan jende gehien dagoen eguna da.
Ospitaleen egoeraz galdetuta, baina, Murgak adierazi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleek gaitasun nahiko dutela erietxeetara sartzen direnak artatzeko: «Kezkaturik gaude, baina beharrei erantzuna emateko gaitasuna dago». Izan ere, pandemia hasierako egunekin alderatuz, orain denbora gutxiagoz egoten dira gaixoak ospitalean. Batetik, gaitzaren inguruko ezagutza handiagoa delako orain, eta, bestetik, ospitaleratuen adina txikiagoa delako, sailburuaren esanetan.
Ospitaleratzeen ugaritzeak, ordea, hildako gehiago izatea ere badakar. Murgak jakinarazi du aurreko hiru asteekin alderatuta ugaritu egin dela gaitzaren ondorioz hil diren pertsonen kopurua: azken orduetan, bi pertsona zendu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; atzo, lau.
Neurri berrien eraginaren zain
Iragan astean ezarri zuen Jaurlaritzak osasun larrialdi egoera, eta gaur goizean bildu da batzordea egoeraren jarraipena egiteko. Neurri berriek eraginik izan duten ikusteko, baina, itxaron egin beharko dela azaldu du Murgak. Izan ere, gaurko datuek duela hamar egun izandako kutsatzeak islatzen dituzte. Horregatik, sailburuak ohartarazi du ezinbestekoa dela neurriak behar bezala betetzea orain, horrek eragina izango baitu datozen asteetan; hau da, ikasturte hasieran.
Beste ohartarazpen bat ere egin du Osasun sailburuak, eta, oraingoan, bakarturik egon behar dutenei mintzatu zaie. Proben emaitzak jakin bitartean bakarturik egon behar dela nabarmendu du, eta gogorarazi du positibo emanez gero edota hurbileko kontaktu bat izanez gero derrigorrezkoa dela berrogeialdia egitea. Bakartzeak bete ez dituzten pertsonak ere egon direla jakinarazi du sailburuak, eta, horrenbestez, azaldu du udalekin elkarlanean ari direla, bakarturik dauden pertsonak identifikatu eta, behar izanez gero, laguntza emateko.
Intzidentzia handia Tuteran
Nafarroan atzeman dituzten 95 kasuetatik 26 Tuteran izan dira; tartean, herriko zahar etxe batean detektaturiko kasuak daude. Osasun Sailak jakinarazi duenez Tuterako osasun eremuan intzidentzia tasa handia izan dute egunotan. Hori dela eta, bihartik aurrera 800 PCR proba egingo dizkiete inguruko enpresa bateko langileei, aurretik izandako agerraldi batzuekin lotura izan dezaketelakoan.