569 positibo detektatu dituzte Hego Euskal Herrian

Gernikan beste 37 positibo izan dira.

PCR probak egiten aritu ziren atzo osasun langileak Gernikao ospitalean. JUAN CARLOS RUIZ/FOKU
2020ko abuztuaren 25a
12:58
Entzun

Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Nafarroako Gobernuak 569 kasuren berri eman dute. Azken egunetan izandako kutsatzeekin alderatuta, apalagoak dira kopuruak: bezperan baino 21 kasu gehiago izan dira, baina igandean baino 200 gutxiago. Egin diren PCR proben kopurua, berriz, azken asteko txikiena izan da atzo zein gaur: 7.240 test egin dituzte azken orduetan. Herrialdeka, Bizkaian atzeman dituzte kasu gehien, 271; Gipuzkoan, 132; Nafarroan, 92 eta Araban, 55. Erkidegotik kanpo hemeretzi kasu atzeman ditu Jaurlaritzak.

Ospitaleetan COVID-19aren ondorioz dauden gaixoak 289 dira Hego Euskal Herrian; horietatik 37 ZIU zainketa intentsiboetarako unitateetan. Azken orduetan, beste 29 ospitaleratze izan dira. Ospitaleen egoera jomugan dagoen arren, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak adierazi du osasun sistemaren gaitasuna «bermaturik» dagoela. «Ospitaleratzeak ugaritu badira ere, martxoan, apirilean eta maiatzean bizi izandakoaren oso bestelakoa da egoera». Urkulluren esanetan, zaurgarrienak babestea da oraintxeko lehentasuna. Izan ere, orain arte kasurik gehienak asintomatikoak eta 50 urtetik beherakoak izan dira.

Oldarraldi nagusiak Gernikan (Bizkaia) eta Donostian daude oraintxe. Atzo, jakinarazi zuten agerraldi bat zegoela Gernikako (Bizkaia) ez-festekin lotuta. Abuztuaren 14tik 16rako asteburuan gaueko aisialdian izan ziren kutsatzeak azaltzen hasi ziren iragan asteazkenean eta PCR proba masiboak egiten ari da Osasun Saila, agerraldiaren dimentsioa zein den jakiteko. Azken orduetan, beste 37 kasu  atzeman dituzte herrian; asteazkenetik, 94 dira. Donostian ere, gaueko aisialdiarekin loturiko agerraldi bat dago. Atzo jakinarazi zuen Osasun Sailak hiriko bi dantzalekutan ibilitakoek PCR proba egitera joan behar zutela. Ikusteko dago zer-nolako dimentsioa hartzen duten proba horien emaitzek, baina, dagoeneko, hiriko intzidentziak ia bikoiztu egin dira azken egunotan: azken hiru egunetan 199 kasu atzeman dituzte; aurreko hiru egunetan, berriz, 111 izan ziren.

Nafarroako Osasun Sailak azaldu du kutsatze gehienak familiarteko eta lagunarteko giroan gertatu direla. Horrenbestez, herritarrei eskatu die bakartzeak norbere etxean egiteko, etxebizitza bereko gainerakoekin inolako harremanik izan gabe, eta familiarteko edo lagunarteko topaketarik izan gabe. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.