607 milioi euroko aurrekontuaren premia duela adierazi die EHUk Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten taldeei

Bilera erronda egin dute unibertsitateko buruek EAJ, EH Bildu, PSE-EE, Sumar eta PP alderdietako ordezkariekin; Vox bakarrik geratu da prozesutik kanpo.

EHUren ikasturte hasierako ekitaldia, irailaren 10ean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
EHUren ikasturte hasierako ekitaldia, irailaren 10ean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
arantxa iraola
2025eko urriaren 27a
17:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

EHU Euskal Herriko Unibertsitateko arduradunek kopuru bat eman diete Eusko Legebiltzarreko talde politikoetako ordezkariei: datorren urtean Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa 607 milioi eurokoa izatea behar dute. «Atalez atal» dituzten premiak azaldu dizkiete, eta horiei ondo erantzuteak berebiziko garrantzia duela adierazi dute. «Bizirautea ezin da helburu izan». EAJ, EH Bildu, PSE-EE, Sumar eta PP alderdietako ordezkariekin egindako bilera errondan eskatu dute kopuru hori unibertsitateko buruzagiek. Vox bakarrik geratu da prozesutik kanpo. Prentsa ohar baten bidez eman du unibertsitateak elkarrizketen berri. 

Unibertsitateko buruek gogora ekarri dute egungo finantzaketa LOSU Espainiako unibertsitate legean finkatutakoaren «erdira» ere ez dela iristen. Izan ere, lege horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko BPG barne produktu gordinaren %1 erabili beharko litzateke unibertsitate publikorako, eta horrek esan nahi du 980 milioi euro jarri beharko liratekeela. Gaur egungo aurrekontua, ordea, 402 milioi eurokoa da, eta %78 ohiko ekarpena da, eguneroko oinarrizko gastuei aurre egitekoa. Iaz ekarpen hori %5,2 handitu bazen ere, unibertsitateko buruen arabera, ez da nahikoa.

Helburu nagusien artean eraldaketa digitala, pertsonen zaintza, azpiegiturak eta ikerketa transferentzia aipatu dituzte. EHUko errektore Joxerramon Bengoetxeak Eusko Legebiltzarrean hitz egin nahi du Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburu Juan Ignacio Perez Iglesiasek bere sailari dagozkion aurrekontuak aurkeztu eta gero; Bengoetxeak egina du jada horretarako eskaria. Unibertsitatearen premia behinenak azalduko ditu han berriro. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.