61 urteko paziente onkologiko bat tximino baztangak jota hil da Donostia ospitalean

Hildako gizona gaitza zuen beste paziente baten gela berean zegoen. Osakidetzak gogorarazi duenez, munduan izan diren heriotza kasuetan «defentsa oso baxuak zituzten pazienteak» izan dira. EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio Osasun sailburuari.

Donostia ospitalea. ANDONI CANELLADA / FOKU
Donostia ospitalea. ANDONI CANELLADA / FOKU
kristina martin
2026ko urriaren 8a
13:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

61 urteko gizonezko bat, paziente onkologikoa, astearte iluntzean hil zen Donostia ospitalean, tximino baztanga gaitza zuela. Ospitalean infekzio hori zuen beste gizon baten gela berean zegoen pazientea. Orduan ez zekiten paziente horrek tximino baztanga zuenik. 61 urteko gizona Euskal Herrian tximino baztangaz hiltzen den lehen pazientea izango litzateke. 

Heriotza hedabideetan zabaldu eta gutxira, Miguel Angel Goenaga Donostiako Ospitaleko Gaixotasun Infekziosoen zerbitzuburuak eta Sara Arevalo ospitaleko zuzendari medikuak azalpenak eman dituzte kazetarien aurrean. Goenagak lasaitasun mezua zabaldu du, eta gogorarazi du «tximino baztangaren heriotza tasa oso baxua —%5etik beherakoa—» dela. Erantsi duenez, munduko beste leku batzuetan gaitz horrekin lotutako heriotzak egon badira ere, «beti izan dira defentsa oso baxuak zituzten pazienteak».  

Osakidetzak, hortaz, baietsi du hildako gizonak tximino baztangarekin kutsatuta zegoela, baina ezin dute zehaztu heriotza gaitz horrek zuzenean eragindakoa den. «Paziente inmunodeprimitu batek hartzen duen edozein infekziok bere egoera okertu dezake», adierazi du Goenagak. «Litekeena da pazientearen heriotza aurretik zuen infekzio bakteriano batek eragin izana», zehaztu du.

Hildakoaren gelakidea —gaitza kutsatu ziona— eztarriko gaitz bat dela medio ospitaleratu zuten. Nabarmendu dute, baina, ez zuela tximino baztangak azalean sortzen dituen ohiko zauririk. Ospitalean egon zen bitartean froga ugari egin zizkioten diagnostiko baten bila, eta tximino baztangan positibo eman zuen. Hori jakin eta gero, ospitaleko arduradunek gaurko agerraldian azaldu dutenez, isolamendu neurriak hartu zituzten eta, pazientearen osasun egoera larria ez zenez, sendagiria eman zioten. Sintoma arinak dauden kasuetan «tximino baztangaren isolamendua etxean egin ohi da», gogorarazi du Goenagak.

Kutsatzeari dagokionez, ospitaleko arduradunen esanetan, ez dakite zehatz-mehatz nola gertatu zen, baina azaldu dutenez, kutsatze horietan kontaktu oso gertukoa behar izaten da, eta, beraz, oso ezohikoa da ospitaleetan horrelakoak gertatzea.

Osakidetzak hartutako neurriei dagokienez, pazienteekin harreman zuzena izandako 30 bat pertsona aurkitu dituzte, eta batzuek txertoa jaso dute. Hildako gizonak ere txertoa jaso zuela jakinarazi dute. Beste kontaktu batzuk, ordea, ez dituzte txertatu eta jarraipena egiten ari zaie.

EH Bildu, argibide eske Legebiltzarrean 

EH Bilduk ez du nahikotzat jo Osakidetzak emandako argibideak, eta koalizioaren talde parlamentarioak idatzizko azalpenak ematea eskatu diote Alberto Martinez Osasun sailburuari. Pazienteei buruzko informazioaz gain, kasu hauetarako Osakidetzak dituen protokoloari buruzko galderak ere egin dizkiote sailburuari.

Tximino baztangaren birusak sukarra, larruazaleko lesioak eta ganglio handituak eragin ditzake. Infekzioa larriagoa izan daiteke osasun baldintza jakin batzuk dituztenentzat, bereziki immunitate sistema erasana dutenentzat.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA