A 63 autobidea itxita egongo da 19:00etatik aurrera, Bordelerako norabidean, suteak direla eta

A 63 autobidea A 64arekin bat egiten duen puntutik moztuko dute zirkulazioa. Beste bideak zabalduko dituzte.

(ID_16313799) FRANCE FOREST FIRES
Suhiltzaile bat lanean, Bordele inguruko sute bat itzali nahian. DAMIEN REMBERT / EPA / EFE
2026ko uztailaren 26a
18:43
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lapurditik ezingo da Bordelerantz joan A 63 autobidetik gaurko 19:00etatik aurrera. Arcachon eta Bordele inguruan dauden sute handiak direla eta, agintariek zirkulazioa galaraziko dute A 63 autopistak A 64arekin bat egiten duen puntutik, betiere, Bordelerako norantzan. 

Agintariek eskatu dute Euskal Herritik Landetara ez joateko, suteak itzaltzeko lanak ez oztopatzeko. 

Azaldu dutenez, irteera hauek itxiko dituzte: Bordele, Baiona Iparraldea (6. irteera), Ondres (7.a), Capbreton (8.a) eta Saint-Geours-de-Maremne (9.a). Irteera horiek erabili behar dituzten gidarientzat desbideraketak ezarriko dituzte, A 64tik, A65era eta A 62ra.
 

Landetan (Okzitania) asteon piztu diren suteen eraginez 250.000 lagun inguru ebakuatu behar izan dituzte. Sutea joan den asteartean piztu zen Saumos herrian, eta 42.000 hektarea eta ehun eraikin inguru erre ditu. Ostegunean, Cap Ferret penintsula husteko agindu zuten, Arcachon parean, eta Bordeleko hiru auzo eta inguruko zazpi herri. Larunbat gauean beste 55.000 pertsona etxetik ateratzeko agindua eman zuen Sophie Brocas prefetak, Marcheprime, Le Barp, Biganos, Mios et Cestas herrietan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA