Ia 250.000 lagun ebakuatu dituzte Frantzia hego-mendebaldeko suteengatik

Espainian, 45.000 hektarea kiskali dira Madrilgo eta Avilako suteetan, eta 120.000 herritar baino gehiago daude ebakuatuta edo konfinatuta.

Biscarrosseko sutea. LOIC MARTIN / EFE
Biscarrosseko sutea. LOIC MARTIN / EFE
Julen Otaegi Leonet - Julen Urrestarazu
2026ko uztailaren 25a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Frantzia hego-mendebaldean asteon piztu diren suteak itzali ezinik daude oraindik, eta 250.000 lagun inguru ebakuatu behar izan dituzte dagoeneko, herrialdeko gobernuak gaur jakinarazi duenez. Gironda departamenduko sutea joan den asteartean piztu zen Saumos herrian, eta 42.000 hektarea eta ehun eraikin inguru erre ditu. Sute hori hedatu zen heinean, ostegunean, Frantziako Gobernuak agindu zuen Cap Ferret penintsula ebakuatu zezatela —Arcachon parean dago—, eta, larunbatean abisua ere eman du Bordeleko hiru auzo eta inguruko zazpi herri husteko. Bordeleko aireportua ere itxi dute. Larunbat gauean beste 55.000 pertsona etxetik ateratzeko agindua eman zuen Sophie Brocas prefetak, Marcheprime, Le Barp, Biganos, Mios et Cestas herrietan.

Landetako departamenduan piztutako beste sute batek 3.500 hektarea baino gehiago erre ditu jada Biscarrosse inguruan. Hori dela eta, 37.000 pertsona baino gehiago ebakuatu dituzte Biscarrossen, Parentisen eta Sanguineten. Lehen kontaketen arabera, 95 etxebizitzari kalte egin die suak, eta 26 saltoki suntsitu ditu. Gilles Clavreul Landetako prefetak gaur goizean azaldu du egoera hobetu dela, baina sua ez dagoela «zedarrituta»: «Egoera ez da atzo ordu berean zen bezain txarra». Horrez gain, Clavreulek nabarmendu du atzo suhiltzaileek eta nekazariek egindako ahalegina.

Laurent Nuñez Barne ministroak gaur emandako prentsaurreko batean azaldu duenez, suteek 98.000 hektarea inguru erre dituzte aurten Frantziako Estatuan: «Errekor historikoa da».

Landetako sutea ostegunean piztu zen, ibilgailu bat erre egin baitzen Biscarrossetik gertu. Bero handiak, haizeak eta Landetako basoek lagunduta, sutea azkar zabaldu zen inguruan. Sua Biscarrosseko industria eta bizitegi eremuetara iritsi zen.

Girondan 750 suhiltzaile daude beharrean suteak itzaltzen. Horrez gain, 1.500 bat militar hedatu dituzte herrialdearen hego-mendebaldeko bi departamenduetan, sua itzaltzeko eta ebakuatzeko lanetan aritu daitezen. Sebastien Lecornu Frantziako lehen ministroak iragarri zuen 1,5 milioi FFP2 maskara bidaliko dituztela larrialdi zerbitzuetako langileak eta herritarrak babesteko.

RAÚL SANCHIDRIÁN / EFE
Etxebizitza bat eta ibilgailu bat kiskalita Avilan piztutako sutean. RAÚL SANCHIDRIÁN / EFE

Larrialdi egoera Espainian

Egoera ez da samurra Espainian ere. Bi sute handi elkartu dira, bat Gaztela eta Leon erkidegoko Avila probintzian piztutakoa eta bestea Madrilgo erkidegoan, eta, hori dela eta, Espainiako Gobernuak larrialdi egoera ezarri du bi eremu horietan. Espainiako Barne Ministerioak emandako datuen arabera, guztira 121.000 lagun ebakuatu edo konfinatu dituzte dagoeneko. Madrilgo suteek 24.000 hektarea kiskali ditu, eta 21.000, berriz, Avilakoek.

Bestalde, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak sare sozialetan jakinarazi du EB Europako Batasuneko babes zibilerako mekanismoaren bost hegazkin eta bi helikoptero Frantzian daudela dagoeneko, eta lau hegazkin helduko direla gaur Espainiara: «Europa Frantziarekin eta Espainiarekin batera dago». EBren mekanismo horrek 22 hegazkin, bost helikoptero eta 777 suhiltzaile ditu. Von der Leyenek erantsi du Copernicus klima aldaketaren behaketarako zerbitzua ere lanean dela bi herrialdeei laguntzeko.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA