65 urteko emakume estatubatuar bat hil zen atzo eguerdian Arnegin (Nafarroa Behera), Donejakue bidea egiten ari zela. Donibane Garazi eta Orreaga (Nafarroa) arteko zatia egiten ari zen, senarrarekin eta AEBetatik joandako beste zenbait erromesekin batera, baina bihotzekoak eman zion Luzaidera iritsi aurretik.
Baionako larrialdi zerbitzuek 12:07an jaso zuten abisua, eta helikoptero medikalizatu bat bidali zuten emakumea zegoen tokiraino. Mugan zeuden Espainiako Poliziako agente batzuk saiatu ziren andrea suspertzen, baina ez zuten lortu. N-135 errepidea ere moztu egin zuten 66. kilometroan, helikopteroak lurra hartzeko modua izan zezan. 13:25 iritsi zen ibilgailu medikalizatua, eta emakumea Baionara ebakuatu zuten, baina hilotz zen ordurako.