Koronabirusa

65 urtetik gorakoek eta zaurgarrienek hirugarren dosia beharko dute osasun ziurtagiriari eusteko Iparraldean

Macron Frantziako presidenteak positiboen gorakadari aurre egiteko neurriak iragarri ditu, eta beste dosi bat hartzera deitu ditu herritarrik zaharrenak. Abenduaren 15ean sartuko da indarrean baldintza berria.

Emakume bat Hiriburuko Ametzondo merkataritza gunean (Lapurdi), osasun ziurtagiria erakusten. GUILLAUME FAUVEAU
ander perez zala
2021eko azaroaren 9a
20:11
Entzun

Positibo kasuen eta ospitaleratzeen gorakadaren aurrean, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak koronabirusari aurre egiteko neurri berriak iragarri ditu. Ez die, ordea, herritar guztiei eragingo: 65 urtetik gorakoek eta zaurgarrienek hirugarren dosia hartu beharko dute osasun ziurtagiria eduki nahi badute abenduaren 15etik aurrera ere. «Hori da irtenbidea».

Frantziako presidentea osasun krisia hasi zenetik bederatzigarren aldiz mintzatu zaie herritarrei. Agerraldia osasun egoeraz aritzeko baliatu nahi izan du, baina batez ere «txertatze kanpaina berpizteko», Asanbleako presidente eta Macronen alderdikide Richard Ferrandek bezperan azaldu duenez.

Estatuburuaren iritziz, txertoari eta osasun ziurtagiriari esker «epidemia menperatzea lortu» dute, baina oraindik ez dute hura «amaiarazi», bosgarren olatua hasi baita. 2020ko abenduaz geroztik, Frantziako Estatuan 100 milioi dosi baino gehiago jarri dituzte, baina aurrera jarraitzeko beharra ikusi du Macronek, eta hirugarren dosia hartzeko deia egin die herritarrik zaharrenei.

Iragan ostiralean, Frantziako Asanbleak baiezkoa eman zion osasun ziurtagiriaren erabilera uztailaren 31 arte luzatzeari, eta Konstituzio Kontseiluak gaur onartu du erabaki hori; datorren astelehenera arte irautekoa zen, baina orain diputatuek ziurtagiria hurrengo udaraino derrigortzeko ahala eman diote Frantziako Gobernuari. Halere, horrek ez du esan nahi epe horretan guztian beharrezkoa izanen denik.

Hainbat lekutan sartzeko, derrigorrezkoa da osasun ziurtagiria aurkeztea: besteak beste, ostatuetan, merkataritza guneetan, kultur eta kirol guneetan, eta distantzia handiko trenetan. Gainera, osasun zentroetara sartzeko ere beharrezkoa da, larrialdietan salbu.

Hortaz, leku horietara joateko, PCR edo antigeno proba negatibo bat, COVID-19aren kutsatze froga bat edo txertoaren pauta osoaren ziurtagiria behar dute herritarrek.

«Tratamendu eraginkorragoak», urtea amaitu aurretik

Osasun ziurtagiriari buruzko erabakiaz gain, Macronek jakinarazi du COVID-19aren kontrako «tratamendu eraginkorragoak» urtea amaitu aurretik izango dituztela eskura.

Ez du, ordea, xehetasun handirik eman horietaz: «Frantzia goiz hasi zenez ikerketak egiten, birusaren kontrako arma berri bat izango dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.