Asturiasko Larrialdi Zerbitzuko suhiltzaileek Iruñeko 79 urteko gizonezko baten gorpua aurkitu zuten atzo Riocaliente herritik gertu (Llanes, Asturias, Espainia). Gizonezkoak denboraldi luzeak ematen zituen herri horretan, bikotekide ohiaren etxean. Senideek asteazken gauean salatu zuten desagerpena Guardia Zibilaren kuartelean, iragan larunbatetik ez baitzuten haren berri izan.
Osasun arazoak zituela ere esan zuten: nekez hartzen zuen arnasa, eta erresistentzia fisiko urria zuen. Gizonezkoa egon ohi zen etxebizitzara bertaratu zen Guardia Zibila, eta han topatu zuten haren autoa aparkatuta, baina iruindarraren arrastorik ez.
Ostegun goizean, gizona topatzeko operazioa osatu zuten suhiltzaileek, 112 larrialdi zerbitzuak eta Herritarren Segurtasunerako agenteek. Herriaren ingurumariak miatu zituzten, eta 12:55ean aurkitu zuen hilotza suhiltzaile batek. Riocalente herritik 150 bat metrora zegoen, landaretza sarriko paraje apartatu batean. Larrialdi zerbitzuen ustez, litekeena da gizonezkoa ongiez sentitu izana baina bidera itzultzea lortu ez izana.
Llanesen, medikuek hilda zegoela egiaztatu zuten, eta Oviedoko Auzi Medikuntzako Institutura eraman zuten gorpua. Ikerketa abiatu du Guardia Zibilak, zer gertatu den argitzeko.