79 urteren espetxe zigorrak Sansohetan abusuak egiteagatik

Epaiak frogatu du sexu abusuak egin zizkietela Arabako Foru Aldundiaren zaintzapean zeuden zenbait adingaberi. Hamabost akusatuetatik hamalau zigortu dituzte

Akusatuak, epaiketa hasi zen egunean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
gotzon hermosilla
2022ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Orotara, 79 urte eta erdiren espetxe zigorrak ezarri dizkiete Sansoheta auziko hamar akusatuetatik bederatziri. Bestea errugabetzat jo dute. Epaian frogatutzat jo dute akusatuek sexu erasoak egin zizkietela Sansoheta zentroan Arabako Foru Aldundiaren zaintzapean zeuden zenbait adingaberi. Batzuetan, adingabeei pornografia erakutsi izana eta drogak ematea ere egotzi diete. Guztira, 39 delitu egozten zizkieten, eta horietatik 27 frogatutzat jo dituzte. Hamabostetik lauk akordioa egin zuten fiskalarekin epaiketa hasterako, eta zigorrak arindu dizkiete.

Akusatu bati hamabost urte eta egun bateko zigorra ezarri diote; hori izan da zigorrik handiena. Adingabeak galbideratzea, sexu erasoak egitea, adingabeei pornografia erakustea eta osasun publikoaren kontrako delitu bat egitea ere egotzi diote. Hamahiru urteko zigorra ezarri diote beste bati, 11 urtekoa beste bati, eta hamarna urteko zigorra beste biri.

Gainerakoek zigor arinagoak izan dituzte, «kaltea erreparatzeari dagokion aringarria» aplikatu dietelako: bost eta zazpi urteko zigorrak ezarri dizkiete. Zigorrik arinena urtebete eta egun batekoa izan da: aringarri hori aplikatu dioten akusatu bat da. Zaintzapeko askatasuneko hiru urteko zigorra ere jarri diote horri.

Zazpi adingabe

Epaiketa irailaren 26an hasi zen. Akusatuei leporatzen zieten Arabako Foru Aldundiaren zaintzapean zeuden adingabeak prostituitu zituen sare bateko kide izatea. Akusatuetako zenbait Sansoheta zentroko langileak ziren; izan ere, zentro horretan bizi ziren bi adingabek egindako salaketaren ondorioz abiarazi zen auzibidea. Orotara, zazpi adingaberi sexu erasoak egin izana leporatu zieten.

Akusatuetatik lauk delituak onartu zituzten; aitortu zuten webgune baten bidez kontaktua izan zutela prostituzio sarearekin, eta sexu harremanak izan zituztela adingabeekin. Akordioa egin zuten akusazioarekin, eta, horren ondorioz, fiskaltzak zigor txikiagoak eskatu zituen haientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.