Duela astebete baino gehiago gertatu zen, baina gaur jakinarazi du Nafarroako Salhaketak: 80 urtetik gorako preso bat hil zen Iruñeko espetxean. Bihotz-biriketako geldialdia izan zuen, espetxean bizkortu zuten, eta Nafarroako Ospitale Unibertsitariora eraman. Bertan hil zen. Martxoaren 9an, Salhaketak webgunean idatzi zuen preso baten heriotzari buruzko informazioa heldu zitzaiela, baina baieztatu gabe zuten. Gaur baieztatu dute.
Salhaketarentzat, pertsona horren heriotza espetxeratzearen ondorio zuzena da. Agerian uzten ditu, alde batetik, espetxe sistemaren «kontraesan larriak»; bestetik, edadetuentzat edota osasun arazoak dituztenentzat «neurri alternatiboen falta» ere bai. Presoei eta haien senideei laguntzeko elkarteak salatu egin du adin horretako pertsona bat espetxean edukitzea, «haren egoerari dagozkion mugak eta osasun arazoak kontuan hartu gabe».
Gardentasun falta
Martxoaren 9ko oharrean zioen gaur egungo zigor logikak lehenetsi egiten duela halako egoera batean pertsona bat preso edukitzea, baita presoa hiltzea «aukera posible bat» bada ere; aldiz, baztertu egiten duela presoak neurri alternatiboak betetzea espetxetik kanpo. «Hori bizi osorako ezkutuko kartzela da», Salhaketaren arabera. «Espetxeak kalte larriak eragiten ditu pertsonen osasun fisikoan eta mentalean, kasu batzuetan egoera jasanezinetarainokoak».
Salhaketak eman du heriotzaren berri. Ez Iruñeko espetxeak, ez Espainiako Espetxe Erakundeen Zuzendaritza Nagusiak, ez beste erakunde edo agintariren batek. Erakundeek ez dute informaziorik ematen kartzelan hildakoen inguruan, eta Salhaketak gaitzetsi egin du erakundeen gardentasun falta. «Onartezina da preso baten heriotza bezain gertaera larriak hain berandu eta zeharkako informazioaren bitartez jakitea», salatu du. «Opakutasun hori ez da bakana eta ustekabekoa, haren funtzionamenduari eusten dion baldintza baizik». Utzikeriaz jokatzea egotzi die instituzioei.
«Onartezina da preso baten heriotza bezain gertaera larriak hain berandu eta zeharkako informazioaren bitartez jakitea. Opakutasun hori ez da bakana eta ustekabekoa»
NAFARROAKO SALHAKETA
Exijitzen duen gardentasuna ez da soilik espetxeak gutxieneko informazioa helaraztea. Baita gizartearen eskubidea espetxeen barruan gertatzen dena ezagutzeko eta auzitan jartzeko ere: «Gardentasunak esan nahi du eztabaida publiko bat egitea espetxe barruko bizi baldintzei buruz, eta kolektiboki onartzea haietan gertatzen denaren erantzukizun politikoa». Horregatik, informazio falta ikusita, Salhaketak uste du antolatu egin behar dela, espetxeko hormen barruan gertatzen dena jakiteko eta espetxeen kontrako indarra sortzeko.
Hamar hildako baino gehiago
Hamar preso baino gehiago hil dira 2012an Iruñeko espetxea zabaldu zutenetik, Salhaketak emandako datuen arabera. Heriotza bakoitzak gizartea interpelartzen duela uste du talde horrek, eta gizarteak galderak egin beharko lizkiokeela bere buruari: «Zer zigor eta espertxe eredu ari gara legitimatzen?».
Iruñekoa aurten Euskal Herriko espetxeetan hildako bigarren presoa da. Otsailaren 5ean 35 urteko preso bat hil zen Zaballako (Araba) espetxean. Presoa hilik agertu zen bere ziegan. Salhaketaren arabera, presoa interfonotik deika aritu zen heriotza jazo baino hiru ordu lehenago, baina kartzelako funtzionarioek «arreta medikoa ukatu» zioten, eta «ziegak ireki arte» itxaroteko agindu. Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak autopsia egin aurretik esan zuen heriotza «arrazoi naturalen ondorio» izan zela.