Guztira 845 pertsonak eman dute izena lehen mailako arretan betetzeko zailak diren lanpostuen LEP lan eskaintza publikoan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak arazo handiak izan ohi ditu lanpostu horiek betetzeko eta, beraz, Alberto Martinez Osasun sailburua pozik azaldu da deialdiak izandako harrerarekin. LEP horretan 143 lanpostu bete nahi ditu Osasun Sailak: familiako medikuntzan 108 lanpostu; pediatrian, 18; psikiatrian, 12, eta haur psikiatrian, 5.
Izen emateari dagokionez, kategoriaren arabera, 653 pertsonak eman dute izena familia medikuntzan, 77k pediatrian, 90ek psikiatrian eta 25 pertsonak ospitalez kanpoko haur psikiatrian.
Osasun sailburuaren esanetan, LEP horren bidez EAE erakargarri izatea nahi dute autonomia erkidegotik kanpoko osasun arloko profesionalentzat. Orain ireki duten eskaintzan, hain zuzen ere, izena eman dutenen %10 Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpo bizi dira. «Uste dugu lagungarria izan daitekeela arazoaren parte bat konpontzeko», adierazi du Martinezek.
Lanpostuak erakargarri bihurtzea
Osasun Sailak jakinarazi duenez, hau da lehen mailako arretan betetzeko zailak diren lanpostuen LEParen helburu nagusia: osasun zentroetako eta EAG etengabeko arretako guneetako lanpostuak egonkortzea. Izan ere, hainbat arrazoi direla medio, lanpostu horiek ez dira erakargarriak profesionalentzat, eta, ondorioz, hutsik geratu izan dira ohiko enplegu eskaintzetan. Betetzeko zailak diren lanpostutzat hartzen dira, batez ere, hiriguneetako osasun zentroetako arratsaldeko lanaldiei dagozkienak, etengabeko arretako guneetakoak, bai eta landa eremuetako kontsultategietako lanpostuak ere.
Izena emateko fasea amaituta, prozedurak ohiko bideari ekingo dio. Osasun Sailak espero du profesionalak postu horietan lanean aritzea udarako.