Belateko obrak ezbaian, 8,3 milioi euroko gainkostuengatik

Nafarroako Gobernuko aholkularitzak gomendatu du ordainketa ez egiteko «bidegabeko aberastearen» formula erabilita. EH Bilduk berehalako bilera eskatu dio Txibiteri, eta Geroa Baik iritzi dio kasuak «maila altuagoko erantzun politiko bat» merezi duela.

Belateko tuneleko lanak. VILLAR LOPEZ / EFE
Belateko tuneleko lanak. VILLAR LOPEZ / EFE
nerea intxausti
2026ko irailaren 9a
16:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako Gobernuko aholkularitza juridikoak exekutiboari gomendatu dio ez ordaintzeko Belateko tuneletako obretako 8,3 milioi euroko gainkostua. Ez, behintzat, erabili asmo zuen formularekin: Acciona eta Oses enpresen aldi baterako elkarteari «bidegabeko aberastearen» formula erabiltzearen aldekoa zen, jada eginda dauden lan batzuk ordaintzeko. Auziak Nafarroako Parlamentuko alderdien kezka eragin du, eta EH Bilduk eta Geroa Baik azalpenak eskatu dizkiote Maria Txibite presidenteari.

Belateko obren gainkostuarekin lotutako bigarren eragozpena da hau. Hasiera batean, gobernuko Obra Publikoetako Departamentuak onartu zuen proiektuan aldaketa bat egitea, gainkostu horiek barne hartzeko, baina 2025eko azaroan kontuhartzailetzak atzera bota zuen moldaketa hura, arrazoituta gainkostua ez zegoela egoki justifikatuta. Txosten horrek krisi bat sortu zuen Maria Txibiteren gobernuan, eta Pedro Lopez Vera Obra Publikoen zuzendari orokorra kargutik kendu zuten.

Lanak, baina, jada eginda daude eta, beraz, azken hilabeteetan Nafarroako Gobernua saiatu da moduak topatzen aldi baterako enpresa elkarteari ordainketa egiteko, eta hala, egun geldirik dauden obrak berrekiteko. Orduan erabaki zuten bidegabeko aberastearen formula bidez egitea. Hura legezko bide bat da, esleitutako kontratuetatik at geratzen diren ordainketak egiteko. Aholkularitzak, ordea, ez du ontzat jo.

Horiek hala, Nafarroako Gobernuak esan du modua bilatuko duela Belateko lanekin segitzeko, baina ez dela «berme juridikorik gabeko» ordainketarik egongo. 

EH Bildu eta Geroa Bai «larrituta»

EH Bilduk kezka azaldu du gainkostuari buruzko informazioagatik, eta azpimarratu du egoerari «seriotasunez eta zorroztasunez» erantzun behar zaiola. Horretarako, «berehalako bilera bat» eskatu du formalki Txibiterekin. 

Aurreratu du bilera horretan obrei buruzko informazioa eskatuko duela, baita gainkostuak ez ordaintzearen aurrean enpresek duten jarrerari buruz eta lanei berriro ekiteko aurreikusitako epeei buruz: «Uste dugu Nafarroako Gobernuari berari dagokiola egoera horretara iritsi izanaren erantzukizun politikoak zehaztea eta, hala badagokio, argitzea». 

Koalizio subiranistak berretsi du N-121-A errepideko obrak (2+1 bideak eta Belateko eta Almandozko tunelak bikoiztea) «erabat beharrezkoak» direla Nafarroarentzat. Esleipenetik sortutako arazoak gorabehera, proiektu horrek aurrera egitearen alde egin du, argudiatuz inguruan bizi eta lan egiten duen jendearentzat «intereseko gaia» dela, baita hobekuntza horiek eskatzen urteak daramaten toki erakundeentzat ere.

EH Bilduk adierazi du haien ustez ez litzaiekeela «kontu hartzailetzak formalki onartutakoa baino euro bat gehiago ere» ordaindu beharko enpresei. Eta erantsi du: «Enpresen asmo partikularrak asetzeak kalte larria ekarriko lioke Nafarroako Ogasun Publikoari, eta hori onartezina da juridikoki, ekonomikoki, politikoki, eta, bereziki, Nafarroako herritarrentzat». 

Geroa Baik uste du «oso larria» dela Belateko obren gainkostuen egoera, eta azalpenak emateko eskatu die Txibiteri eta PSNri, Nafarroarentzat «proiektuak duen garrantzia eta tamaina» kontuan hartuta. 

Adierazi dute gertatutakoa ezin dela kontu «tekniko edo administratiboetara» mugatu, eta eskatzen duela «maila altuagoko erantzun politiko bat»: «Zehaztasunez argitzeko zer gertatu den, zer ondorio izan ditzakeen eta, gehien bat, zer neurri hartu behar diren orain». 

Zurekin Nafarroak kasuari buruzko azalpenak eskatu ditu ohar bidez, eta irtenbide bat «herritarrek ez dezaten behar baino euro bat ere gehiago ordaindu behar». Gaineratu dute «onartezina» dela ondorioak herritarrek jasan behar izatea. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA