Espainiako Poliziak 83 urteko gizonezko baten gorpua aurkitu du Ebro ibaian, Viana parean (Nafarroa). Aurreko larunbatean desagertu zen gizona, Logroñon (Espainia), eta Errioxako poliziak eta suhiltzaileak aritu dira haren bila. Gorpua, baina, ibaiaren Nafarroako aldean topatu dute, eta Lizarrako epaitegiak hartu du auziaren ardura.
Senide batek jarri zuen salaketa irailaren 5ean, eta Errioxan hasi ziren gizonezkoaren bila. Lurralde hartako Espainiako Poliziako agenteak aritu dira lan horietan, suhiltzaileekin eta Logroñoko Udaltzaingoarekin batera.
Gaur 17:00 aldera aurkitu dute gizonezkoaren gorpua, Ebro ibaia Viana paretik pasatzen den eremuan. Geolokalizazio bidez zehaztu dute Nafarroan aurkitu dutela, eta ondorioz, Iruñera eraman dute gorpua, eta Lizarrako epaitegiak hartu du auzia.