Nafarroako Auzitegiko Fiskaltzak 93 urteko espetxe zigorra eskatu du 39 urteko gizonezko batentzat, adingabeak engainatzea, haiei «sexu eraso digitalak» egitea eta pornografia pedofiloa edukitzea egotzita. Akusatua Espainiako Armadak Aitzoainen daukan kuartelean aritzen zen militar profesional gisa, baina kartzelan dago iazko maiatzean Foruzaingoak atxilotu zuenetik.
Gutxienez hiru neskari eta mutil bati egin zien eraso gizonak, Noticias de Navarra agerkariak azaldu duenez; erasoen garaian 13 eta 14 urte zituzten. Grooming delitu bat leporatu dio fiskalak akusatuari; hau da, Interneteko sare sozialen bidez adingabeak manipulatzea eta engainatzea, eduki sexualeko mezuak, argazkiak edo bideoak bidal ziezazkioten. Fiskaltzaren arabera, akusatua Instagrameko hainbat konturen bidez jarri zen harremanetan adingabeekin, eta bere burua adingabetzat aurkezten zuen biktimen konfiantza bereganatzeko; «ehunka» irudi lortu zituen horrela.
Fiskaltzak «sexu eraso digitaltzat» definitu du delitua, Espainiako Auzitegi Gorenak ezarritako irizpideei jarraikiz; 16 urtez azpikoei egiteak larrigarria dakar. Espetxe zigorraz gain, beste hainbat eskari egingo ditu fiskalak, hala nola Instagramera sartzeko debekua ezartzea, baita biktimengana hurbiltzeko eta haiekin komunikatzekoa ere. Halaber, biktimentzako kalte ordaina ere galdegingo du; izan ere, adingabeek «kalte psikologikoak» izan dituzte, eta haietako batzuk zaurgarriak ziren aurrez ere.
Hamalau urteko zigorra
Iruñeko Epaitegiak hamalau urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri dio gizon bati, emakumezko bikotekidea bortxatzeagatik eta hari tratu txarrak emateagatik. Erasotzaileak 60 urte ditu, eta guardia zibil ziharduen Nafarroako hiriburuan. Biktimak %52ko elbarritasuna zuen, eta erasotzaileak hori probestu zuela adierazi du epaiak: «Andrea zaintzeko aitzakiarekin, kontrol itxia ezarri zuen haren gain». Besteak beste, gizonak kontrolatu egiten zuen biktima norekin elkartzen zen edo nola janzten zen, eta familiarengandik eta lagunengandik aldendu zuen.
2023ko udazkenetik 2024kora iraun zuen bikote harremanak. Epaitegiak frogatutzat jo du gizonak gutxienez behin bortxatu egin zuela, eta eraso hartan hainbat lesio eragin zizkiola. «Harreman asimetrikoa» izan zela dio epaiak, eta biktimak «kalte psikikoa» izan duela. Sekretuak azaleratzeko delitu batez ere akusatu zuten gizona, Poliziaren datu baseetan sartu baitzen andreari buruzko informazio bila, baina errugabetu egin dute, ez dutelako frogatu «datu pertsonal eta intimoak» lortu zituenik. Halere, epaileak ohartarazi du «guardia zibil posizioaz baliatzeak salatzailearen larridura areagotu» zuela, emakumearen gainean zuen «boterearen adierazle» zelako.
49 urteko gizon bat atxilo, genero indarkeria egotzita
Nafarroako Foruzaingoak 49 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo Tuteran, genero indarkeriari lotutako delitu bat egitea leporatuta. Gaiarreko osasun etxean atzeman zuten poliziek gizona, eguerdian: haren emakumezko bikotekidea barruan zegoen, eta ate joka zebilen gizona, bortizki eta andrea iraintzen.

