Atzo itxi zen azaroaren 29ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan posta bidez bozkatzeko eskaerak aurkezteko epea, eta eskaera kopuruak nabarmen egin du gora, 2019ko deialdiarekin alderatuz gero; hura ere azaroan izan zen. Denera, 94.391 euskal herritarren eskabideak onartu dituzte, duela zazpi urteko bozetan baino %33 gehiago dira.
Alderdi politikoak indar berezia jartzen ari dira hurrengo asteko hauteskundeen emaitzetan parte hartzeak izan dezakeen garrantzian, eta herritarrek joera horrekin bat egiten duten ikusteko modua ematen du posta bidezko botoak. Lurraldez lurralde, 10.078 arabarrek, 39.868 bizkaitarrek, 23.548 gipuzkoarrek eta 20.897 nafarrek izango dute posta bidez bozkatzeko aukera.
Datuak alderatzeko, kopurua azken hauteskunde deialdiekin alderatzea izan ohi da egokiena. 2023ko Espainiako Gorteetarako bozak, baina, uztailean izan ziren, askorentzat udako oporraldi betean. Hala, alderaketa horra mugatuz gero, kopurua nabarmen murriztu da; orduan, 262.000 herritarrek baino gehiagok baliatu zuten aukera hura.
Kontrara, gorakada nabarmena da zazpi urte atzera egiten eta 2019ko azaroaren 10eko bozekin alderatzen bada. Araban %17 egin du gora; Bizkaian, %27; Gipuzkoan, %40; eta Nafarroan, %49. Hala, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan emandako gorakadak Espainiako Estatuko datuetatik urrun daude. Correosen arabera, estatu mailan %11 egin dute gora eskaerek —denera, ia 1,1 milioi—, 2019ko datuekin konparatuta. 2023koekin alderatuz gero, berriz, %58 egin dute behera.
Eskaera egin duten herritarrek hurrengo ostegunera arteko epea dute botoa emateko; zehazki, azaroaren 26ko 14:00ak bitarte Correosen edozein bulegotan egin daiteke. Horretarako, azaroaren 22rako jaso beharko lukete botoa eman ahal izateko dokumentazio guztia. Correosek hura entregatzeko bi saiakera egingo ditu norberak jakinarazitako helbidean, eta lortzen ez badu, bulego batean jasotzeko abisua utziko du.