Atzoko greba egunaren balorazio ezinago positiboa egin du LAB sindikatuak. Sindikatu abertzalearen aburuz, «euskal langileriaren indar erakustaldia» izan ziren hala lanuzteak nola mobilizazioak, eta horiei esker, «lan eta etxebizitza duinaren aldeko aldarrikapena» agenda politikoan sartzea lortu dute.
LABek gogorarazi du Hego Euskal Herrian 2020. urteaz geroztik antolatutako bosgarren greba orokorra izan zela atzokoa: «Eta aurtengo bigarrena». Hori kontuan izanda, herritarren erantzuna «paregabea» izan zela uste du sindikatuak. «Azken urteetako jarraipen zabalena izan du greba orokor honek, eta 200.000 lagun elkartu dira eguerdiko manifestazioetan. Arratsaldeko manifestazioak ere oso jendetsuak izan dira», adierazi dute ohar batean.
Deialdiak Hego Euskal Herrian jasotako erantzuna, oro har, «[Espainiako] Estatuan baino zabalagoa» izan zela uste dute, eta horrek zera frogatuko luke: «Erabaki zuzena izan zela deialdia Estatuko egun berean egitea eta mobilizazio propioak antolatzea». Are, sindikatuko kideen iritziz, grebak aukera eman die Espainian piztutako «haserre soziala» Euskal Herriko parametroetara ekartzeko.
Etxe eskubidea, agendan
A-11ko grebak zenbait ondorio izanen dituela gaineratu du LABek. Etxebizitzaren alorreko sindikalismoa hauspotzea, horra horietako bat. «Atzoko erantzunak argi utzi du etxebizitza larrialdiaren tamaina, eta baita arazo honek herritarren gehiengo zabala zeharkatzen duela ere; etxebizitza langileak probretzeko arrazoi nagusi bilakatu da», esplikatu dute. Bilakaera horrek kezkatuta, «maizterrak antolatzeko eta etxebizitza sindikalismoa egiteko» erabakia hartu zuen sindikatuak duela bi urte: «Erandion, Balmasedan, Tolosan, Donostian, Gasteizen eta Iruñerrian, ehunka dira LABek antolatutako maizterrak». Atzoko grebak sindikalismo mota horri «bultzada» eman diola gaineratu dute gaurko balorazioan.
Izan ere, sindikatuaren ustez, zaroak 11ko mobilizazio handiek balio izan dute «lan eta etxebizitza duinen aldeko aldarrikapena agenda politikoaren erdigunean» kokatzeko, baina bazterrean utzi gabe gainerako helburuak: «Lan duina eta, zehazki, gutxieneko soldata propioa aldarrikatu ditugu. Patronalari dei egin diogu gutxieneko soldata propioa ezartzeko akordio intersektoriala negoziatu dezan; era berean, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari ere dei egin diegu, negoziazio horri bide eman eta gutxieneko soldata arautzeko eskumena aldarrikatu dezaten».
Etxe eskubidearen esparruan, «aldaketak» espero ditu LABek, baina horiek «erabaki politikoetan» mamitu behar direla uste du. Horretarako, bilera erronda eginen dute zenbait arduradun politikorekin, urratsak zehazteko. Gaur abiatuko dute bilera sorta, EH Bildurekin, «Hego Euskal Herriko lehen indar munizipalista» den heinean. Bihar, berriz, Begoña Alfaro Nafarroako Gobernuko Etxebizitza sailburuarekin batzartzekoak dira, «Nafarroako Gobernuak bultzatu beharreko neurrien inguruan aritzeko». Bilera eskatu diete, halaber, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburu den Denis Itxasori, EAJri eta PSNri.
Euskal Herriko prozesua
Atzoko lanuzteak, azkenik, «Euskal Herriko eraldaketa prozesua» elikatuko duela nabarmendu du sindikatu abertzaleak. Langileen pobretzea salatzeko mobilizazioak «Europako herrialde askotan» pizten ari diren arren, Euskal Herriko egoera «berezia» dela uste dute, «askapen nazional eta sozialerako prozesu luze eta sendo» baten ondorioz: «Hemengo borroka ez dago txinparta bat edo beste piztearen mende; etengabe elikatutako su bat du oinarrian. Beste herrialde batzuetan —baita Espainiako eta Frantziako estatuetan ere— internazional erreakzionarioak agenda baldintzatzen duen bitartean, Euskal Herrian indartsu antzematen da taupada herrikoia».
Horregatik, sindikalismoak, feminismoak eta antirrazismoak planteatutako helburuak garatze aldera, «lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioa» aldarrikatu du LABek: «Estatu bietan [Espainian eta Frantzian] egingo diren hauteskundeek zehaztuko dute agertokia norabide horretan aurrera egiteko aproposa izango den, ala inboluzio mehatxuak geldiaraziko dituen herri harresi antifaxista bat ezartzera behartuko gaituen». Nolanahi ere, ezinbestekotzat jo dute «birbanaketa politikak» bultzatzea, «antipolitikari eta ultraeskuinari aurre egiteko».