Nafarroako 112 SOSek jakinarazi duenez, A-15 errepidea erabat itxi dute, bost ibilgailuen artean izandako bi ezbehar direla eta. Istripua 130. kilometroan gertatu da —Larraun parean (Nafarroa)— 15:50 inguruan, Donostiarako noranzkoan.
Bi istripu gertatu dira. Lehenengoa Pagozelaiko tunelaren inguruan izan da, kamioi baten eta turismo baten artean. Kamioiaren gidaria zauritu da, eta Irungo ospitalera eraman dute.
Handik gutxira, lehen istripuan geldirik zeuden ibilgailuak errepidea oztopatzen ari zirela ikusita, beste kamioi bat geratu da errepidean, eta atzetik zetozen beste kamioi batek eta furgoneta batek talka egin dute geldirik zeuden ibilgailuekin. Bigarren istripuko hiru ibilgailuek su hartu dute.
Nafarroako eta Gipuzkoako suhiltzaileak joan dira ezbeharra izan den lekura, baita larrialdietako zerbitzuak, Foruzaingoa eta Guardia Zibila ere. Osasun zerbitzuek zenbait pertsona artatu dituzte lekuan bertan.
Bi istripuen ondorioz, autobidearen bi lerroak itxi dituzte, eta trafikoa A-10 eta A-1 errepideetatik desbideratu dute.