Ekologistak Martxan taldeak, iritzita administrazio publikoek ez dutela behar beste informazio ematen, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zabortegi abandonatuen eta erabiltzen ez direnen kontaketa egin du: 1.562 zabortegi zenbatu dituzte, eta horietatik 1.120 arriskutsuak izan daitezkeela nabarmendu. Simona Lara geografoak eman ditu datuok, ikerketaren eta maparen garatzaileetako batek. Izan ere, azaldu dutenez, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek ez dute informazio hori erraz kontsultatu ahal izateko euskarririk, eta hutsune hori bete nahi izan dute mapa martxan jarrita.
Zabortegi bakoitzaren datuak banan-banan jaso dituzte, artxiboen bidez, baina zehaztu dute artxibo asko falta direla, eta beste askoren informazioak berritu gabe daudela. 1.562 zabortegi horietatik 237k ez dute dokumenturik, esaterako. Hori dela eta, maparen webgunean (zabortegiak.ekologistakmartxan.org) postontzi bat jarri dute nahi duenak informazioa gehitzeko.
Azaldu dutenez, baina, Lurra Zaintzeko eta Erresilientziarako 2025/2360 direktiba onartu du aurten Europako Batasunak, eta, indarrean sartzean, administrazioek informazio garbi eta ulerterraza eskaini beharko diete herritarrei zabortegiei buruz. Estatuek hiru urte dituzte direktiba hori beren legedian txertatzeko.
Lurrak lehengoratzea
Elkarteko kideek nabarmendu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan arazo handia dagoela zabortegi abandonatuekin. Carlos Alonso Ekologistak Martxan-eko kideak, Bilbo iparraldeko Artxanda eremuaren adibidea jarri du, inguru horretan soilik lau zabortegi arriskutsu baitaude. Hainbat faktoreren arabera sailkatzen dute zabortegi bat arriskutsu gisa: biztanleriarengandik eta erreketatik zenbateko distantziara dagoen, eraiste arriskua zenbatekoa den, plubiometria datuak zer-nolakoak diren...
Bada, zabortegi abandonatu horietako askok ingurumenari kalte egiten diotela esan du Alonsok, eta Bizkaiko lau zabortegi aipatu, horren erakusgarri: Artxandako zabortegia (Bilbo), Santurtziko Etxe-Uli, Sondikako Premabi eta Lemoizko Jata. Horietako askok lixibiatuak eta lindanoak isurtzen dituzte, eta, beraz, Ekologistak Martxan-eko kideek exijitu dute horri amaiera ematea. Europako direktiba berriaren arabera, halakoetan ekintza planak egin beharko dira lurra lehengoratzeko eta kutsadura kentzeko. Alonsok azaldu du hori ia inoiz ez dela egiten Euskal Herrian, soilik interes ekonomiko bat badago atzean.
«Sailburuak esan zuen kutsatzen duenak ordainduko duela, baina ikusten ari gara ez dela horrela. Administrazioak bermatu beharko luke hori egikaritzen dela»
JAVIER VAZQUEZ Ekologistak Martxan
Horren adibidea Santurtziko Etxe-Ultirena da: industria hondakinak jasotzen zituen, eta 1991n amaitu zuen aktibitatea. Lindanoa eta beste hondakin arriskutsu batzuk topatu dituzte bertan, besteak beste, eta Ballonti Errekara isurtzen dira bertako gai kutsagarriak. Salaketak jarri izan dira horri buruz, eta bertako lur kutsatuak segurtasun zelda batzuetara eramatea planteatu zuten, baina ez zen ezer ere egin. Bada, Alonsok azaldu duenez, orain inguru horretako kutsadura kentzeko prozesua abiatu nahi dute, gainean parke teknologiko bat egiteko. Ekologistak Martxan-en ustez, esku hartze horiek abandonatutako zabortegi guztietan egin behar dira, ez soilik «interes ekonomikoa» badago tartean.
Azken hamarkadetan EAEko administrazioak gaia «abandonatuta» duela salatu dute, eta enpresekiko duten «konplizitatea» ere nabarmendu dute. Javier Vazquezek, Ekologistak Martxan-eko beste kide batek, azaldu du 2015ean lortu behar zela uraren kalitate kimiko ona, baina ez da horrela izan, uste baitute ez delako nahikoa egiten zabortegietan. «Sailburuak esan zuen kutsatzen duenak ordainduko duela, baina ikusten ari gara ez dela horrela. Administrazioak bermatu beharko luke hori egikaritzen dela». Hori dela eta, lanerako mahai bat sortzeko eskatu dute, inplikatutako alde guztiak bilduko dituena: enpresak, administrazioak eta gizarte zibileko eragileak.