Bizkaiko Foru Aldundiak Abantoko Las Carreras auzoan egin nahi duen saihesbidearen proiektua «ez da bideragarria egungo formatuan, eta aldaketa sakonak behar ditu». Diputazioko Ondare Naturalaren Zerbitzuak hala adierazi du, orain gutxi argitaratu duen txostenean. Baina errepidea ez da auzokideen kezka bakarra: beste saihesbide bat, elektrolizagailu bat, kamioientzako hidrogeno kargaleku bat eta goi tentsioko bi linea ipiniko dituzte inguru horretan. Hori salatzeko, Stop Variante plataformak manifestaziora deitu du ostiral honetarako: 19:00etan abiatuko dira, Las Carreras auzoko Maria Auxiliadora kaletik.
«Abanto ez dago salgai» lelopean egingo dute biharko protesta bizilagunek: «Aldi berean sei makroproiektu aurrera eramaten ari dira inguruan», salatu dute. «Nahikoa dela adierazi nahi dugu, proiektu horien guztien eragin globala ez baitute aurreikusi».
Las Carrerasko saihesbideaz gain, beste errepide bat egin nahi dute Muskizen (Bizkaia), Abantoko auzo hori bera zeharkatuko lukeena. Gainera, elektrolizagailu bat ipiniko dute Petronorren, «etxebizitzetatik metro gutxira». Bestalde, parke teknologikoan kamioientzako hidrogeno kargaleku bat eraikitzen ari dira dagoeneko. Azkenik, Solaria eta Iberdrola enpresak goi tentsioko bi linea sustatzen ari dira.
«Azpiegitura horiek guztiek kutsadura handituko dute, osasunerako arriskuak sortu, eta ingurune naturalean kalte larriak eragin», ohartarazi du Stop Variante plataformak. «Aldi berean gauzatuz gero, kalte konponezinak eragingo dituzte paisaian eta hurrengo belaunaldien bizi kalitatean».