Abenduan jarriko da abian autobideetan gehienez 25 euro ordaintzeko sistema

A-8 eta AP-1 errepideak maiz erabiltzen dituzten herritarrei egingo diete mesede, betiere VIA-T sistema ezarria badute

Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2012ko azaroaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gipuzkoako autobideak maiz erabiltzen dituztenek orain baino diru gutxiago gastatzeko modua izango dute abenduaren 1etik aurrera. Gipuzkoako Batzar Nagusiek behin betiko baietza eman zioten atzo herritarrei gehienez kobratu beharreko diru kopurua ezartzeari: asko jota, hilean 25 euro pagatuko dituzte. VIA-T sistema erabiltzen dutenek izango dute deskontuak lortzeko modua.

Errepideei buruzko finantzaketaz eztabaida erabatekoa badute ere, alderdi guztiak ados jarri dira gehienezko kopurua zehazteko. Gipuzkoako Diputazioak kalkulatu du hilean 15.000 gidariri arinduko diotela autobidea erabiltzearen gastua. Urtean 300 bat euro aurreztuko dituzte batez beste.

Gipuzkoako Diputazioak egindako proposamena da autobideak erabiltzeagatik ordaintzen denari gehienezko muga bat jartzea. Horrek eragina izango du autobideetan jasotzen duten diru kopuruan, noski: Bidegik 1,2-1,8 milioi euro gutxiago bilduko ditu urtean. Larraitz Ugarte Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatuak azaldu du, ordea, diru kontuetan kalterik ez duela ekarriko neurri horrek: autobideak mantentzeko kontratuak gutxituta orekatuko dute bidesarietako jaitsiera hori.

«Alde ona» soilik

Oposizioko alderdiek ere ontzat jo zuten neurria, baina ohartarazi zuten Gipuzkoa osorako balioko duten neurriak hartu behar direla errepideen finantzaketari dagokionez; berdin adierazi zuen Ugartek ere. Neurria babestu bai, baina errezeloz aritu ziren EAJko ordezkariak: salatu zuten Bilduk «alde ona» soilik erakutsi duela errepideen finantzaketari buruz. «Nahita ezkutatzen ari da bere benetako plana; alegia, gipuzkoarrei beste zerga batzuk ipintzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.