Abenduaren 18an Auzitegi Nazionalera joateko eskatu dute, gazteak babesteko

Gazteen aurkako epaiketaren azken saiora joateko autobusak antolatu dituzte Librek eta Eleak-ek.EAJri «desobediente» izateko eskatu diote

Libre dinamikako eta Eleak mugimenduko kideen agerraldia, Gasteizen. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2014ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
28 gazte independentisten aurkako epaiketaren azken saioa abenduaren 18an izango da, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta egun horretan Konponbidea bai, epaiketarik ez aldarria Madrilen «ozen» entzutea nahi dute Libre dinamikak eta Eleak mugimenduak. Horregatik, dei egin diete euskal herritarrei Madrilerako bidaia elkarrekin egiteko, «justiziari bestelako bide bat hartzeko garaia iritsi zaiola entzunarazteko». Autobusak irtengo dira egun horretan Euskal Herritik Madrilerako bidean, bi herri mugimenduek antolatuta.

Horrez gain, gazteei elkartasuna emateko beste hainbat mobilizazio eta ekinaldi antolatu dituzte datozen asteetarako. Besteak beste, hilaren 28an manifestazioa egingo dute Burlatan (Nafarroa), abenduaren 13an Bergarako (Gipuzkoa) epaitegiak inguratuko dituzte, 19an Libre lasterketa egingo dute Donostian, eta 20an Herritarren Martxa Gasteizen.

Irailaren 22an hasi zen, Espainiako Auzitegi Nazionalean, gazteen lan politikoa epaitzen duen epaiketa. 28 lagun eseri dituzte akusatuen aulkian, eta horietako askoren tortura salaketak entzun dira epaitegian. Libre dinamikako eta Eleak mugimenduko kideek gogoratu dute torturaren lekukotza «lazgarriak» entzun direla epaitzen ari diren gazteen ahotik, eta, hala eta guztiz ere, Angela Murillo epaileak torturapean egindako deklarazioetan oinarrituta espetxeratu nahi dituela.

Tortura testigantza horien aurrean Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Grande-Marlaskak izan zuen jarrera ere deitoratu dute: «Epaileak, bere bulegoan euskal gazte hauek pasatzen ikusi zituenean eta horien tortura testigantzak entzun zituenean, ez zuen deus egin». Torturak ikertzeko neurririk ere ez zuela hartu salatu dute. «Badirudi Espainiako Estatuan torturatzaileen aldeko zigorgabetasun juridiko eta politikoak oraindik badirauela».

Euskal gizartearen gehiengoaren jarrera, berriz, oso bestelakoa dela iritzi diote Libre dinamikako eta Eleak mugimenduko kideek. Haien ustez, Euskal Herriko gehiengo politikoak, sindikalak eta sozialak badaki gazte independentistak ez direla gezurretan aritu Madrilen. Horregatik guztiagatik, argi daukate euskal gizartearen gehiengoa epaiketa politikoen aurka dagoela eta gatazkari konponbidea bilatzearen alde dagoela. Hala, aurretik epaituak eta absolbituak izan diren beste berrogei gazteak bezala, 28 hauek ere libre geratu behar dutela aldarrikatu dute.

EAJri, kritika eta gonbita

Epaiketa politikoen auzian EAJk Madrilekiko erakusten duen «obedientzia» kritikatu dute, halaber. Besteak beste, jeltzaleei leporatu diete Donostian, Ondarroan eta Loiolan egin diren Aske Guneetara Ertzaintza bidali izana. «EAJk jakin behar du Euskal Herriak ez duela nahi herri honen nahiaren aurka Madrilekin kolaborazio lanetan aritzea». Herri mugimenduetako kideen ustez, bada garaia EAJ «nahikoa da» esan eta epaiketa politikoen aurkako dinamiketara batzeko.

Hori gertatzen ez den bitartean Euskal Herrian gero eta «desobediente gehiago» sortuko direla ohartarazi dute. «Gero eta gehiagok garatu nahi dugu independentziaren aldeko prozesua desobedientziaren bidetik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.