2012. urtearen «garrantzi sinbolikoa» dela eta, aurten Independentistak sareak Iruñean egingo du Aberri Eguna. Nafarroako konkistaren bosgarren mendeurrena eta Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena beteko dira aurten, eta, bi gertaerok historian zein gizartearen irudimenean garrantzi handia izan dutenez, Iruñea aukeratu du Aberri Egunerako. Hala ere, Independentistak sareak etorkizunera begiratu nahi du. Horregatik, aro politiko berriak Euskal Herrian piztu duen ilusioak eta Europan estaturik gabeko nazioei irekitzen ari zaien aukera berriak bultzatuta, dei berezia egin die sareak mundu osoan barreiatuta dauden euskal independentistei aurtengo Aberri Eguna «mundiala» eta «inoiz baino jendetsuago eta esanguratsuagoa» izan dadin.
Iruñean bertan prentsaurrekoa eskaini zuten Independentistak sareko ordezkariek: Txutxi Ariznabarreta, Maria Luisa Mangado, Itziar Ituño eta Esti Mujikak. Dei egin zuten apirilaren 8an aldarrikatzeko «independentista guztiek bat eginik herri bat martxan dagoela eta ez dela geldituko helburu nagusia lortu arte». Hartara, Iruñeaz gain, munduko beste hainbat tokitan egun hori modu bateratuan ospatzeko deia egin dute sareko ordezkariek. Haien ustez, aurtengo deialdiak mugarri bat izan behar du, eta, «euskal estatua lortzeko bidean, urrats eraginkorren hasiera».
Egungo egoeraren gaineko analisia egitea egokitu zaio Txutxi Ariznabarretari, eta, haren esanetan, aro politiko berriarekin «aukera historikoa sortu da herriaren erabakiari atea irekitzeko». Krisi ekonomikoak, berriz, estatua lortzeko beharra «areagotu» egin duela iritzi dio. «Urrun gelditzen dira independentziaren kontra entzuten ziren kritikak: lekuz kanpoko egitasmoa zela, iraganeko formula zela, estatuak desagertzen ari zirela, bideraezina zela Europan eta abar», arrazoitu du Ariznabarretak.
Eskoziaren eredua
Alde horretatik, Europan estaturik gabeko hainbat naziok —Eskoziak, Faroe uharteek, Groenlandiak eta Flandriak— independentzia «etorkizunerako aukerarik onena» bezala hartzea oso adierazgarritzat jo du sareak, eta horren aurrean, geldirik ezin dela egon azpimarratu du. «Herrialde horiei begira jartzeko unea da. Ez kopia sinplerik egiteko, egoerak ezberdinak baitira, ikasteko eta gurean asmatzeko baizik», gaineratu du Ariznabarretak.
Independentistak sarearen arabera, «espainiar eta frantziar estatuen menpe» Euskal Herriak ez du lekurik. «Ez dago herri libre izaterik gure izaera eta nahi dugun estatusa erabakitzeko eskubidea ukatzen dizkiguten bitartean», arrazoitu du Ariznabarretak. Horretarako, sareak dei berezia egin die alderdiei, sindikatuei, gizarte eragileei eta herritarrei etorkizunari buruz gogoeta sakon bat egitera eta nazio estrategia bat diseinatzera. «Gure ustez, Aberri Egunak eskatzen du denok denbora bat eskaintzea benetan herri honen etorkizunari buruz hausnarketa egiteko. Eguneroko kontuen gainetik, nora doa gure herria? Zein da etorkizunik onena?», galdetu du Ariznabarretak.
Eragile guztien ekarpenak beharrezkoak direla azaldu du. Gainera, planteamendu estrategikoen inguruan maiz «modu abstraktuan» hitz egiten bada ere, beharrezkotzat jo du zehaztasunerako urratsa egitea. Hori guztia bultzatzeko baliatu nahi dute aurtengo AberriEguna.
Aberri Egun «mundiala» egingo du Iruñean Independentistak sareak
Apirilaren 8ko Aberri Eguna «inflexio puntua» eta «estatua lortzeko bidean urrats eraginkorren hasiera» izatea du xedeSareak dei egin du etorkizunera begirako nazio estrategia bati buruz gogoeta egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu