Laugarren aldiz, Aberri Eguna modu bateratuan ospatu dute Ipar Euskal Herrian. Manifestazioa egin dute Baionan, eta, antolatzaileen hitzetan, «mezu argia» helarazi dute Euskal Herriaren etorkizunari begira. Ospatzeko ez ezik, «herri proiektu bateratu bat indartzeko» ere baliatu nahi izan dute eguna.
Aurtengo Aberri Eguna «testuinguru politiko berezi batean» ospatu da, herriko hauteskundeen ondotik izan baita, Ipar Euskal Herriaren «etorkizun instituzionalaz» eztabaidatzen ari diren honetan. Antolatzaileen iritziz, herriko bozen ondorioa argia da: «Abertzaletasuna azkarki indarturik atera da; gure ideia euskaltzale, ekologista, feminista eta aurrerakoiak gero eta gehiago zabaltzen ari dira herritarren artean».
Horrez gain, azken asteetan Korrikaren bueltan sortutako giroa ere nabarmendu dute, «euskararen aldeko mobilizazio erraldoiak erakutsi duelako hizkuntzaren biziberritzeak babes sozial zabala duela Euskal Herri osoan».

Nazioarteko testuinguru nahasia ere hizpide izan du mugimendu abertzaleak. Horren harira, beharrezkotzat jo du «demokraziaren eta herrien burujabetzaren aldeko hautua egitea»: «Euskal Herrian elkarbizitza sendotzeko eta politika publiko propioak plantan ezartzeko botere handiagoa behar dugu: burujabetza politikoa, soziala eta materiala».
Mobilizazioaren ondoren, bazkari herrikoia prestatu dute tokiko laborariek, eta, arratsaldean eta gauean, kontzertuak eta ekitaldi kulturalak izango dira Baionan. Oholtzara igoko dira, besteak beste, Pantxoa eta Peio, Indigo, Izan, Orkestra elektrotxaranga eta Niña Coyote eta Chico Tornado.