Aste Santuak beti izan du kutsu ilun eta triste bat. Elizak belztasunaren bidez irudikatu nahi izan du Jesusen heriotza. Aldiz, harekiko kontraste betean, Pazko igandea argitasunak eztanda egiten dueneko berpizkundearen eguna izan da. Erlijio kutsu oro kenduta, baina aldi berean erritualaren balio sinbolikoari uko egin gabe, Aberri Egunak ere abertzaletasunaren pizkundea irudikatu nahi izan du abertzaleen bihotzetan. Garaian garaiko testuinguruari loturik eta unean uneko oztopo eta zailtasun guztien gainetik. Izan ere, azken mendeko historia ez da lineala izan, eta gorabehera guztiok ezinbestean islatu ditu Aberri Egunak, euskal abertzaletasunaren pizkundearen ospakizunak.
1
Errepublika
1932an, urtebete igaroa zen Espainiako Errepublika deklaratu zenetik. Garai historiko hura «egundoko pizkundea» izan zen alderdi politiko guztientzat, ezkerretik eskuinera. Josu Chueca historialariaren arabera, «Errepublikak demokrazia eta askatasuna ekarri zituen, eta alderdi guztiei aukera eman zien aske jokatzeko. Tenperatura politikoak gora egin zuen».
Eusko Alderdi Jeltzalea ez zen salbuespena izan. «Alderdiaren lehen ekitaldi nagusia» Aberri Eguna izan zen, Chuecaren arabera. Sinbolismoz beteriko ospakizuna izan zen 1932ko martxoaren 27ko Pazko igande hura. Mende erdi lehenago, 1882an, Sabino Arana Goiri alderdiaren sortzaileari euskal naziotasunaren kontzientzia piztu zitzaion anaiarekin izandako eztabaida batean. Efemeride hura eta Errepublikako bultzada politikoa akuilu bikoitza izan ziren lehen Aberri Eguna ospatzeko.

«Bi egunetako ospakizun handia izan zen; bilbotarren pare, handira», dio ironia kutsu batekin Chuecak. Bezperan antzezpenak egin ziren, eta igandean egin zen ekitaldi nagusia, aranatarrak XIX. mende amaieran bizi zireneko etxean. Plaka bat jarri zuten Arana Goiri anaien omenez —«Larogeitabigarren urtea, Nire Aberria ezagutu eta atzerritar ilunpeetatik atera nintzen eguna bedeinkatua izan dadila!», zioen bertan—. Ekitaldi hartan izan zen Luis Arana anaia, eta, garai hartako argazkien arabera, jendetza bildu zen Bilbon.
Urtebete geroago, Donostian, Europarekin lotu nahi izan zen Aberri Eguna. «Egun berezia izan zen, nazioarteko kutsua hartu baitzuen. Atzerriko hizlariak ekarri zituzten», azaldu du Chuecak. Bi mundu gerren arteko garaian sortutako Nazioen Sozietateko Gutxiengo Nazionalen Kongresuko idazkariak, Ewal Ammende estoniarrak, parte hartu zuen han, besteak beste. Telesforo Monzonek eta Jose Antonio Agirre orduko diputatuak aldarrikatu zuten «Europara begira dagoen herri bat» izan nahi zutela.
1934an, Gasteizen ospatu zen Aberri Eguna, eta 1935ean, berriz, Iruñean. Bertako eskuinak debekatu egin zuen Pazko igandez egitea, eta ekainera atzeratu behar izan zen.
2
Frankismoa
Diktadurak etenaldi handi bat ekarri zuen. Erbestean ospatzen zen Aberri Eguna, bai eta Ipar Euskal Herrian ere. Gerra galdu zutenen gogorarazpen huts batera mugatu zen, baina 1960ko hamarkadatik aurrera indarra hartu zuen berriro.
Zehazki, 1963an, Enbata Iparraldeko aldizkari abertzaleak hauspotu zuen abertzaletasuna, eta Itsasun (Lapurdi) deitu zuen Aberri Egunera. Hari lotutako manifestu bat argitaratu zuen, nazio aitortzaren printzipio nagusi batzuk aldarrikatuz. Apirilaren 15 hartan, Ximun Haran EAJren militante historikoak eta Julen Madariagak, ETAren sortzaileetako batek, Gernikako arbolaren kimu bat landatu zuten Itsasun, berpizkunde haren sinbolo gisa.
Inguruan jazarpen bortitzeko hodei beltzak egonagatik, lur emankorrean landatu zen kimua. Izan ere, mugaz bestaldera deitu zen hurrengo Aberri Egunera, 1964an, non eta Gernikan. Chueca: «Ustekabean harrapatu zuen Guardia Zibila». Poliziaren kontrolak saihestuz, elkarretaratze jendetsua egin zen Gernikako juntetxean eta arbolaren parean. «Sorpresa efektua inportantea izan zen».

Ordura arte, erbesteko Eusko Jaurlaritzak eta EAJk deitzen zuten Aberri Egunera, baina 1966an bi deialdi egin ziren: EAJk Gasteizera deitu zuen, eta lehen aldiz ETAk Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) artean egitera deitu zuen. «Egundoko errepresioa izan zen». Irunera sartzeko ahaleginean ari ziren bi lagun balaz zauritu zituen Guardia Zibilak.
Berezia izan zen, halaber, 1967ko Aberri Eguna. Kartelean, ikurrinak eta Nafarroako kateak uztarturik, Iruñera joateko deia egin zen. Nafarroako hiriburua Poliziaren kontrolpean egon zen. Garai hartako iturrien arabera, 350 lagun inguru atxilotu zituzten, eta grisek oso bortitz jokatu zuten. Errepresioa saihesturik, EGIko militanteek suziri moduko batzuk jaurti zituzten, eta, lehertzean, ikurrin sortak ikusi ziren Gazteluko plazako zeruan.
Jazarpena handitzen ari zen. 1968ko Aberri Eguneko kartelak 1933ko hura gogoratu zuen, Donostian egin baitzen. Alta, orduko hartan, poliziek hartu zuten hiria. Sarbide guztiak itxi zituzten. 300 lagun inguru atxilotu zituzten. Errepresioa areagotu ahala, ondorengo urteetan ez zen posible izan Aberri Egun masiborik antolatzea.
3
Trantsizioa
Aberri Eguna frankismoaren aurkako borrokaren egun bihurtu zen, eta, diktadorearen heriotza baliaturik, legez kanpo zeuden alderdi guztiak bandera hura hartzeko prest ziren, ez soilik indar abertzaleak. Martxoaren 3ko Gasteizko sarraskiaren oihartzuna oso presente zuten guztiek, eta giro politikoa borborka zegoen. «Deialdi zabala izan zen, antifrankismo guztia han zegoen».
Alta, handik gutxira, martxoaren 18an, ETApm-k Angel Berazadi Sigmako enpresaburu zarauztarra bahitu zuen. Hogei egunez bahituta egon ostean, hil egin zuten. «Gauzak pikutara joan ziren. Lehen aldia izan zen ez ordaintzeagatik bahitu bat hil egiten zutela. Ezuste galanta izan zen jendearentzat». Hilketa dela eta, erbesteko Jaurlaritzako EAJk eta PSOEk atzera egin zuten. «Jeltzaleek eta sozialistek ospe eta sigla historikoak zituzten, baina mobilizazioetan mugitzen zirenak besteak ziren, eta aurrera jotzea erabaki zuten». Dena den, Chuecaren arabera, Berazadiren hilketak Carlos Arias Navarroren gobernuari legitimitate handiagoa eman zion errepresiorako eta Aberri Eguna erabat legez kanpokoa zela zabaltzeko.

Apirilaren 18 hartan Iruñea guztiz setiatuta izan zuten poliziek. Chueca ordu hartan gazte militante bat zen. «Bizpahiru manifestazio saiakera egin genituen. Jauzi deitzen genituen. Oroitzen naiz Sarasate pasealekuan Foruen Monumentuaren aurretik atera ginela, eta, 50 bat metrora, orain Laboral Kutxa dagoen tokian, ziztu bizian ihes egin genuen, grisak toki guztietatik atera zirelako. Gero Nabarrerian beste jauzi bat egin zen. Karlistek bere kabuz hainbat tokitan jarri zituzten EKA siglak zituzten ikurrinak», kontatu du.
Bortizkeria poliziala handia izan zen, eta hura orduko testuinguruan ulertu behar da, Chuecaren arabera. Duela hiru urte, Jose Luis Ruiz de Gordoa Nafarroako gobernadore zibilaren semeak aitaren dokumentu batzuk pasatu zizkion EKA alderdiari. «Bertan honako hau esaten zen: 'Atzoko eguna arrakastatsua izan da; Aberri Egunak porrot egitea lortu dugu. Orain presta dezagun Montejurrakoa'». Izan ere, hiru astera Montejurran egindako ospakizun karlistan, eskuin muturreko mertzenarioek bi lagun hil zituzten tiroz: «Estatuak parte hartze zuzena izan zuen. Aberri Eguna lotuta dago Gasteizko eta Montejurrako sarraskiarekin, bien artean gertatu zelako».
1977ko Aberri Egunean bi deialdi egon ziren. EAJ eta PSOE ordurako legeztatuta bazeuden ere, ezkerreko alderdiak legez kanpo jarraitzen zuten. Jeltzaleek Loiolan (Gipuzkoa) elkartzeko deia egin zieten militanteei, eta gainerako indarrek, Gasteizen elkartzekoa. «Bezperan joan ginen, lagun baten etxean egin genuen lo. Oso eguraldi txarra egin zuen, elur eta guzti. Jende asko zegoen Alde Zaharrean, eta grisak toki guztietatik agertzen ziren», kontatu du Chuecak.

1978ko martxoaren 27koa izan zen «legez onarturiko lehen Aberri Eguna». Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan antolatu ziren manifestazioak, eta, UCD zein Alianza Popular salbu, gainerako indar guztiak bertan ziren. Chuecaren arabera, «inportantea bezain deigarria» izan zen ekitaldi hura. Espainiako Konstituzioaren edukiaren inguruko negoziazioa hastear zen, eta, Bilbon, pankartaren leloetako bat zen Autodeterminazio eskubidea Konstituzioan. Haren atzean paratu ziren, esaterako, PSOEko buruzagi historikoak —Ramon Rubial eta Juan Iglesias—. Iruñean, berriz, Gora Euskadi askatuta zioen pankarta ikus zitekeen.
1979tik aurrera, EAJk eta ezker abertzaleak bereizita ospatu zuten Aberri Eguna. Handik gutxira sozialistak eta gainerako indar ez-abertzaleak bereizi egin ziren, eta Euskadiko Ezkerrak berak ez zuen ospatu PSErekin bat egin zuenean. Aberri Egun bateratu baten aldeko mezuak maiz egin izan dira, eta Lizarra-Garaziko akordioaren ondotik, 1999an, elkarrekin ospatu ahal izan zen. Bilbon Nazio bat gara manifestua irakurri zen.