Udal eta foru hauteskundeak. Gipuzkoa

Abian da «norabide aldaketa»

Markel Olano jeltzalea hautatu dute Gipuzkoako ahaldun nagusi, EAJ eta PSEren botoekin gehiengo osoa lortuta.Errauste planta egingo dutela esan du, eta fortuna handien zerga erreformatuko dutela

Denis Itxaso (PSE-EE) eta Markel Olano (EAJ) Gipuzkoako ahaldun nagusi berria, atzo, Batzar Nagusietan inbestidura saioko bozketa amaitu zenean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
enekoitz esnaola
Donostia
2015eko ekainaren 24a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeetan, aldaketa handia gertatu zen Gipuzkoan, EAJk egundoko gorakada izan zuelako duela lau urteko emaitzetatik: 38.000 botoko hazkundea udaleko bozetan eta 32.000koa forukoetan. Lehen indarra herrialdean. Aurrez iragarri zuen Bilduren gobernuekiko «aldaketa» nahi zuela, eta hautesleek horretarako babesa eman zioten. Agintean den udaletan, aro berria ekainaren 13an hasi zen, alkatetzak hartu ostean —aurreko legealdian, Gipuzkoan lau alkate izan zituen EAJk; orain, 27—, eta, Gipuzkoan, atzo arratsaldean jarri zen Markel Olano diputatu nagusiaren karguan, Batzar Nagusien gehiengo osoa lortuta: EAJren hemezortzi botoez gain, PSE-EEkoen bederatziak bildu ditu —koalizioangobernatuko dute bi alderdiek—. Programa aurkezteko hitzaldian esan du «Gipuzkoari behar duen eta gipuzkoarrek eskatzen duten norabide aldaketa emateko konpromisoa» hartu duela.

Geroago, Denis ItxasoPSE-EEko kideak esandakoa azpimarratu du Olanok: akordioak «egonkortasuna» emango diola foru gobernuari; egonkortasunak, «indarra», eta, ondorioz, «ausardia» izango dutela.

Hogei orrialdeko idatzi bat leitu du Olanok —erdia euskaraz eta beste erdia espainolez—, eta sustapen ekonomikoa eta enplegua ditu lehentasun nagusi, «inongo zalantzarik gabe». Programako neurri zehatz aldetik, bi berritasun garrantzitsuenetakoak hondakinetan eta zerga sisteman daude. Hondakinetan, EAJ-PSE gobernuak errauste planta egingo du, eta txipa daukan bosgarren edukiontzia ezartzen lagunduko du. Bilduren gobernuak erraustegiaren lanak geratu egin zituen, eta atez ateko sistema ezarri zuen herri askotan, bosgarren edukiontziaren aukeraren partez. Fiskalitatean, aberastasun eta fortuna handien zerga erreformatzeko beharra dagoela azaldu du Markel Olanok. Aurreko legealdian, Bilduk, PSErekin berarekin akordioa lortuta, zerga mota hori onartu eta abian ipini zuen.

Politika soziala, politika fiskala eta finantzieroa, mugikortasun azpiegiturak, eta kultura eta euskara dira foru gobernu berriaren beste lehentasunak. Funtsean, 2007-2011 artean Markel Olano bera buru zuen exekutiboarenildoak jaso dituzte, egokitzapenak egokitzapen.

Ahaldungai nagusien hitzaldietarako, EH Bilduk ere aurkeztu zuen berea —Xabier Olano—, EAJren aldean «oso proiektu desberdina» duela azpimarratzeko. Bozketa aurretik, ordea, erretiratu egin zuen hautagaitza, eta koalizioaren hamazazpi batzarkideek zuriz bozkatu zuten. Baita Ahal Dugu-ko seiek eta PPko bakarrak ere. 51 batzarkide dira.

Politika egiteko modua

Lehentasun programatikoei ez ezik, politika egiteko moduari ere garrantzi handia eman dio Markel Olanok, hor ere aurreko foru gobernuarekiko desberdintasuna nabarmendu nahian. Elkarrizketa, eztabaida eta akordioa oinarri hartuta, «gobernu onean» oinarritutako politika publikoak egingo dituela hitzeman du, «kudeaketa horizontala» garatuko du, eta «herritarrengandik hurbil» egon nahi du, «Gipuzkoak ikuspuntu politiko zabal eta integratzailea behar baitu; ezin da aldebakartasunetik eraiki». EAJk eta PSEk maiz leporatu izan diote Bilduri herritarrekiko eta BatzarNagusiekiko —ez zeukan gehiengo osorik— jarrera inposatzailea eduki duela. «Herritarren borondatea errespetatuko dugu guk», esan du Olanok, eta «gehiengo demokratikoak» eta erakunde sistema ere errespetatuko dituzte. «Gipuzkoarren konfiantza berreskuratuko dugu». Aurreratu du ez dela «liskar eta enfrentamendutan» sartuko, kalterako izango zaiolakoan, Bilduri ustez gertatu zaiona adibidetzat jarrita.

EAJko kidearen hitzaldiak 31 minutu iraun du, eta ez du Bilduren gobernuaren neurri bat bera ere laudatu edo babestu. «Berriro ditugu mahai gainean [duela bi legealdi] konpontze bidean ziren arazoak, eta aurre hartu beharko diegu lehenbailehen».

Erabakitzeko eskubidea

EAJn, agian GBBk du profil politikorik handiena, baina, atzo behintzat, Markel Olanok apenas egin zuen aipamenik, adibidez, erabakitzeko eskubideaz. Lerro eta erdi baino ez: «Nire ikuspegiaren arabera, Euskal Herrian ez dugu normalizazio politikorik lortuko euskaldunok gure etorkizuna erabakitzeko dugun eskubidea gauzatzen ez den bitartean». Bizikidetza sustatzeko lan egingo dutela nabarmendu du.

Xabier Olanok, artean hautagai zela, berebiziko garrantzia eman dio erabaki eskubideari. «Ni naiz Gipuzkoan erabakitzeko eskubidearen aldeko gobernua osatuko duela bermatzen duen hautagai bakarra». Bakearen eta konponbidearen alde hitz egiteaz gain, «politika ezkertiarra, euskalduna, parte hartzailea eta feminista» defenditu ditu. Halaber, esan du EAJrena «krisia ekarri duen» egitasmoa dela, eta EH Bildurena, aldiz, «eraldatzailea» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE