4.000 lagun inguru bildu dira Baionan, Macronen politikaren kontrako manifestazioan

Zenbait manifestarik Miarritzeko Hotel du Palaiseko sartzea blokeatu dute goizean, irailaren 10eko blokeatze egunari segida emanez; bi manifestari atxilotu dituzte.

Manifestazioa Baionako San Izpiritu zubitik gora. LEIRE CASAMAJOU ELKEGARAI
Manifestazioa Baionako San Izpiritu zubitik gora. LEIRE CASAMAJOU ELKEGARAI
Leire Casamajou Elkegarai.
Baiona
2025eko irailaren 18a
11:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Masiboki mobilizatzeko deia egina zuten gaurko Ipar Euskal Herrian eta Frantzian, Emmanuel Macronen Frantziako lehendakariaren politikarekiko kexa orokortua karriketan oihukatzeko. Zenbait manifestarik Miarritzeko (Lapurdi) Hotel du Palaiseko sartzea blokeatu dute goizean goiz, irailaren 10eko blokeatze egunari segida emateko: luxuzko hotela den heinean, diruaren abanketa injustua salatu dute; Poliziak bi manifestari atxilotu ditu. 10:30ean, gero, manifestazioa egin dute Baionan, Santa Ursula plazatik abiaturik; 4.000 bat lagun bildu dira.

Hain zuzen, 10:30etik aitzin Baionako geltoki parean biltzen hasi dira manifestariak, eta sindikatuen ikur ugari ikusten ahal ziren bertan: LAB, FSU, Solidaires, CGT, CFDT, FO... 11:00ak baino minutu batzuk lehenago abiatu da intersindikalak deitutako manifestazioa.

Miarritzen protestak 

Miarritzen, berriz, protestak egin dituzte goizean goizetik. Zenbait manifestarik Hotel du Palaiseko sartzea blokeatu dute, eta fite iritsi da Frantziako Polizia hoteleko zuzendaritzarekin hitz egitera. Manifestariak atearen gibelean ziren hasieran, eta aitzinean eseri dira gero. Hamar bat minutuz egon ahal izan dira bertan, baina polizia gehiago iritsi dira, eta kanporatu egin dituzte.

Bitartean, «Polizia nazionala kapitalaren milizia», oihukatu dute. Azken abisua eman eta horien lekuz aldatzeko indarretan hasi dira poliziak. Tentsioa igaran da emeki-emeki. Orduan, Poliziak jendea arrastaka eraman du lurretik. Manifestariek utzi egin diete, bortizkeriarik gabe, baina gogor erantzun diete poliziek. Kazetariei ere bortizki bultzaka ari zaizkie poliziak: lanean ari direla segika ari zaizkie batzuei, armaturik.

Bi manifestari atxilotu dituzte orduan. Bien bitartean, atxilotuak askatzeko oihu egin dute militanteek. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.