Irailaren 10eko blokeatze egunetik aste batera, «mobilizazio masiboa» espero dute sindikatuek irailaren 18ko greba eta manifestazioetarako. Haren bitartez, presio egin nahi diote Sebastien Lecornu Frantziako lehen ministroari «aitzinkontu justuagoa» aurkez dezan, eta bazter batera utz ditzan François Bayrou bere aurrekoak indarrean jarri nahi zituen murrizketak.
CFDT, CGT, FO, CFE-CGC, CFTC, Unsa, Solidaires eta FSU sindikatuek etziko protestarako deialdi bateratua zabaldu dute gaur, Baionan. Lapurdiko hiriburuko Santa Ursula plazatik abiatuko da manifestazioa, geltokiko plazatik hain zuzen, 10:30ean; suprefeturaraino joanen dira. LAB ez da haiekin izanen, baina hark ere jendea karrikara deitu du.
Han, sindikatuek adierazi dute ez dutela hobekuntza jakinik espero Frantziako Gobernuan izandako aldaketekin. Besteak beste, Lecornuk adierazi du ez diola segidarik emanen Bayrouk bi besta egun kentzeko proposaturiko desmartxari, baina sindikatuek garrantzia kendu diote horri. «Bi besta egun horiek oihana gordetzen duen zuhaitza bezalakoak dira; azkenean, betikoek jasanen dute», ziurtatu du FO sindikatuko Yannick Hervouetek.
Frantziako Gobernuak behin eta berriz aipatu izan du «haustura» beharrezkoa dela krisialdiari buru egin diezaion, baina, anartean, egiazko aldaketa baterako urratsik ez dute egin: Emmanuel Macron presidenteak berak izendatu berri duen lehen ministroa ere macronista da.
«Bi besta egun horiek oihana gordetzen duen zuhaitza bezalakoak dira; azkenean, betikoek jasanen dute»
YANNICK HERVOUET FO sindikatuko ordezkari
Sindikatuetako ordezkariek erraz zehaztu dituzte etorkizunera begirako kezkak: «Sakrifizioak galdegiten dizkigute beti: urte zuria laguntza sozialei dagokienez, langabezia asurantzaren erreforma, funtzionario kopuruak apaltzea beti, eskubide sozialetarako irisgarritasun eza...». Gobernuaren formula berriz harturik, Sud Solidaires sindikatuko Morgan Cornuk erran du ezagutzen duen «haustura bakarra azpiko jendeena» dela.
«Etsituei» deia
CFDT sindikatuko Mercedes Gracietek ere hitza hartu du, pertsona jakin batzuei grebarako deia egin nahian. Ados agertu izanik ere Cornuk adierazitakoarekin, beharrezkoa iruditzen zaio «haustura» hori gerta dadin, koherentziarik ez baitio ikusten lan munduaren egoeraren eta eskaintzen zaizkion aterabideen artean. Haustura horretarako, ezinbestekoa ikusten dute ahalik eta jende gehien karrikara atera dadin etzi, «baita irailaren 10ean ateratzeko etsituegiak» gertatu zirenak ere.
Gracietek bereizi egin ditu joan den asteazkenean blokeatzera atera zirenak, «kexu zirenak», eta agertu ez zirenak, «kexu izanik ere ateratzeko ezintasunean izan baitziren». Dela bi lan egunetako sariak ezinbestekoak baitzaizkie egunerokoari aurre egiteko —irailaren 18ko deialdia irailaren 10ekoa baino aspaldiagokoa zen—, dela psikologikoki «gaindituak» direlako egunerokoagatik.
«Haustura ezinbestekoa da, baita irailaren 10ean ateratzeko etsituegiak gertatu zirenendako ere»
MERCEDES GRACIET CFDT sindikatuko ordezkaria
Langileen neke orokortu horri erantzuteko, «neurri sozialetan oinarritutako aitzinkontu justuagoa» eskatu dute sindikatuek, «jendea bere lansariarekin edo erretretako sariarekin bizi ahal izan dadin, gutienez». Izan ere, erretreten erreforma aipatzen hasi dira berriz, beste behin ere azpimarratuz «erokeria hutsa» dela 64 urte bete arte lana segitu behar izatea erretretaren sari osoa jaso nahi bada, betiere urte sari guziak beteak izan badira. «Ordainsaria pagatzen dugu, baina noiz gibel jasotzeko?».
Hainbat egoera hartu dituzte adibide: erretretan sarturik ere lanean segitzera behartuak direnak diru askirik ez baitute jasotzen bizitzeko; lanpostu osoak ordezkatzeko kontratatzen diren alternenteak; berritzen ez diren kontratu mugatuak edo lan geldialditik itzultzen uzten ez zaien langileak... Eta jende prekario horien gainetik dauden milioidunak ere aipatu dituzte, enpresa handietako nagusiak, zeinei zergak apaltzen baitzaizkie eta geroz eta diru laguntza publiko gehiago ematen. «Krisi sozial eta demokratikoaren» parean, beraz, ostegunerako mobilizatzera deitu dute.
LAB SINDIKATUAREN DEIA
LAB sindikatuak ere mobilizatzera deitu du ostegunerako. «Inoiz ikusi gabeko testuinguru sozial» gisa definitu du gaur egungoa, baina argi utzi du ez dela langileen eginbeharra «François Bayrouk eta Emmanuel Macronek berek zulatutako defizitaren faktura ordaintzea». Gaitzetsi du beldurraren diskurtsoa erabiltzea jendeak beti gehiago bultzatzeko sakrifizioak egitera, eta zera gehitu du: «Ultraaberatsek urte gutxian beren fortuna bikoiztu dute, eta beren zerga kuotak murriztu; kontrolik gabeko enpresentzako laguntza publikoak ere ugaritzen dituzte». Funtsean, aldarrikatu nahi izan dute gobernua ez dutela utziko «ekonomiarik langileen bizkar egiten».