Joan den astean Ipar Euskal Herrian antolatutako blokeatze egunaren harira, hainbat artikulu agertu ziren polizia baten «ausartzia egintza» goraipatzen zutenak: Baionako Lesseps kaian zirela manifestariak, Poliziak inguraturik, segurtasun indarrak ohartu ziren emazte bat Aturriko uretan zegoela, kaiaren azpiko aldetik, barandaz bestalde pasaturik. Erori zenetz edo salto egin zuenetz ezin jakin, baina, eguneko albisteen arabera, emazte hura erreskatatzera uretara salto egin zuen polizia batek; haren lekukotasuna agertu zuten zenbait hedabidek. «Kuraia egintza eta arduratasuna» txalotzeko, brontzezko medaila eskaini zion polizia horri prefetak herenegun.
Blokeatze egunetik aste batera, egun hartan Aturriko uretan gertatu zenak, Luciek —ez du abizena eman nahi izan—, bere ikuspegitik kontatu dio istorioa BERRIAri. «Segurtasun indarrek beren alde baliatu dute gertakaria: nik hautu horrekin pasarazi nahi nuen mezuaren kontrakoa kontatu dute». Egiazki, Luciek uretara jauzi egin bazuen, Poliziari ihes egiteko jauzi egin zuen. Hautu hori egiterako, bazuen bost oren inguru Baionan gaindi zebilela, inguraturik etengabean: «Geroz eta hertsagarriagoa zen, talde ttipitan baikinen polizien parean, negar gasak jasorik... Ura begiratu nuen, korronteak nola zihoazen, eta hamar bat minutuz hausnartu nuen». Azkenean, zapatak eta trikota kendu, eta baranda gainetik uretara jauzi egin zuen, eskapatzeko, nolazpait.
Afera horri «sekulako paradoxa» ikusten dio: «Zapaltzaileak salbatzaile bilakatzen dira».

Goizaldi luzea
Lucie beldurtu duen momentu jakinik ez da, zeren funtsean, haren ustez, goizaldi osoa biziki «kezkagarria eta hertsagarria» izan baitzen, Poliziaren errepresioagatik, hain zuzen. Goizetik goiz lotu zitzaien mobilizazioetara, Baionako Leroy Merlin biribilguneko hitzordutik, 06:00etan. Gogoratzen duenaz, «jadanik baziren Poliziaren mugimendu nahiko bortitzak zenbait manifestariren parean». Poliziek aski fite inguratu zituzten herritarrak, eta aukera guti utzi zieten birbilgunea blokeatzeko zuten xedea bete zedin. Laster espaloitik harago ere gertatu ziren manifestariak inguraturik, saltegiko aparkalekuaren belarretan.
Eguna aitzina, Luciek manifestari taldea segitu zuen. Ez baitzuten lortu Leroy Merlinekoan, San Leon biribilgunera buruz abiatu ziren; han ere, nekez. Orduan zubi gorrira bidean abiatu ziren, San Izpiritu zubitik lehenik eta Lesseps kaitik gero. Izan ere, Barraskilo operazioa antolatua zen delako zubi horretan, eta, hiri barneko biribilguneak blokeatzea ez baitzuten lortu, orduan beste ekintza horretara juntatzekoak ziren manifestariak. «Ibilaldia nahiko lasaia zen», Lucieren arabera, «nahiz eta Poliziak beti oztopatzen» zituen; karrika batetik bestera korrika abian ziren horien saihesteko.
«Geroz eta hertsagarriagoa zen, talde ttipitan baikinen polizien parean, negar gasak jasorik... Ura begiratu nuen, korronteak nola zihoazen, eta hamar bat minutuz hausnartu nuen»
LUCIE Irailaren 10eko blokeatze egunean Aturrira salto egin zuen manifestaria
Tentsioa hor zen goizetik, baina Lesseps kaian gauzatu zen bereziki. «Ez zen Poliziaren kontrako inolako bortizkeriarik izan, ezta inolako andeatzerik ere... Batere espero izan gabe hasi ziren negar gasa botatzen: uste ukan nuen behin botako zutela, disuasio gisa, baina anitz bota zituzten». Berriz ere korrika hasi ziren manifestariak, gasak saihesteko honakoan. Lasterketan aitzina, bitan zatitu zen taldea, eta Lucie zegoen talde ttipia geroz eta gehiago inguratu zuten poliziek, Didam museoaren parean uretan geldirik egon ohi den xalantaren heinean.
Errepresioa edo urak
Jabeak, xalantetik atera eta egoera ikusirik, manifestariei batzarri eta aterpe proposatu zien. Poliziak ezezkoa eman, jabetza pribatuaren inguruko eztabaida hasi, eta, azkenean, xalanteko emazteak ez zuen lortu Poliziak manifestariak utz zitzan bere itsasontzira sartzen. Pasabidea erabat blokeatu, eta manifestariak oraino gehiago inguratu zituzten poliziek. «Indarrez gabeturik sentitu nintzen orduan, fisikoki eta hitzez ere bai. Egoera absurdoa zen, eta ez nion aterabiderik ikusten».
Beraz, jauzi egin zuen. «Bazterrean nintzen; orduan, hasieran zola hunkitzen nuen oraino. Igerilari ona naiz, bestalde: ohitua naiz itsasoan, errekan eta ur hotzetan bainatzera». Nahiko eroso zihoan, beraz: ur-lasterrak lagundurik joan zen aitzina, «ahalik eta gehien urruntzeko» Poliziak inguratu zituen lekutik; gainera, espero zuen agian beste manifestarien inguraketa etenen zuela bere egintzak, hots, dibertsioa sortuko zuela. Hain zuzen, segurtasun indarrak laster ohartu ziren emazte batek uretara jauzi egin zuela. «Galdegin zidaten berriz igotzeko, baina erantzun nien seguruago sentitzen nintzela uretan haiekin baino; hor zireno, ez nintzen itzuliko».
«Bazterrean nintzen; orduan, hasieran zola hunkitzen nuen oraino. Igerilari ona naiz, bestalde: ohitua naiz itsasoan, errekan eta ur hotzetan bainatzera»
LUCIE Irailaren 10eko blokeatze egunean Aturrira salto egin zuen manifestaria
Gaineko barandaz bestaldetik negoziatzen hasi zitzaizkion poliziak, baina Luciek argi zuen ez zela berriz igoko, ez bazen suhiltzaileek artatua izateko. Orduan, uretara jauzi egin zuen polizia batek, brontzezko medaila jaso berri duenak, hain zuzen: istorioaren parte hori baizik ez da kontatu azken egunetan. Afera da Luciek ez zuela sokorri horren gogorik, eta ibai erdira buruz abiatu zela orduan, ordu arte bazterrean egon bazen ere. «Ene heinera iritsi zen gero, baina erdiko korrontean baikinen, orduan onartu zidan zubi gorriraino hel gintezen han suhiltzaileak zirelako ene laguntzeko». Sokorri flotagailua bota zioten, eta hartaz lagundurik igo zen berriz lehorrera. Halere, Polizia ere bazegoen gainean, «errudun» sentiarazteko diskurtsoa ematen: «'Kontent zara egin duzunaz?', galdetu zidaten».
Azkenean lortu zuen suhiltzaileengana iristea. «Gero, joaten utzi ninduten, eta ongi nintzen: egoki sentitzen nintzen ene buruarekin eta egin nuenarekin. Erantzun bat izan da goizaldian jasandako errepresioari. Salbagarria izan zait. Gero irakurri nuen arte zer argitaratu zuten hedabideek. Mindu nau».