Abokatuak gobernuaren jomuga bihurtu direla ohartarazi dute

Torturak salatzen dituztenen aurkako jazarpena oinarri hartuta, 'Salaketaren kriminalizazioa' jardunaldiak egiten ari diraGizarteak torturaren inguruan duen onarpena murriztu behar da, Cañadaren ustez

Alfontso Zenon, Arantza Zulueta,  Cesar Manzano eta Felix Cañada abokatuak, atzo arratsaldeko hitzaldian. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2011ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
«Salaketaren kriminalizazioa» dute hizpide egunotan Bilbon Euskal Herriko zein nazioarteko hainbat abokatuk; tortura salaketen berri ematen duten abokatuek jasaten duten jazarpena, bereziki. Azken urteotan eskubideen defentsan jarduten dutenen egoerak nabarmen okerrera egin duela ikusita, hausnartu, esperientziak trukatu eta irizpideak partekatu beharra ikusi dute. Jardunaldietan bildu dira, hargatik. «Defentsaren defentsa» egiteko helburuarekin azken urteotan egin dituzten hirugarren jardunaldiak dira, eta kezkagarria da lehen egunean azaldu dutena: «Lekuko deserosoak» izanik, eskubide urraketak salatzen dituzten abokatuak Espainiako Gobernuaren jomuga bihurtu direla ondorioztatu dute.

«Abokatu batzuok jazarpen hori gure azalean sufritu dugu», hasi du hizketaldia Arantza Zulueta abokatuak. «Euskal preso politikoen defentsan ari garen abokatuok klase kriminalizatua bihurtu gaituzte, eta Espainiako Gobernuaren politika kriminalean lehentasunezko jomuga bihurtzen ari gara».

Abokatuek 2008an egin zituzten azken jardunaldiak «defentsaren defentsa» oinarri hartuta. Ordurako egoerak kezkatuak zituen; baina, ordutik, euskal presoen defentsan lan egiten duten zortzi abokatu atxilotu eta inkomunikatu dituztela ohartarazi du. Espainiako poliziek eta guardia zibilek haien bulegoak miatu, legez kanpoko galdeketak egin eta sei abokatu espetxeratu dituztela. Egun, batdaukate preso: Joseba Agudo.

Jardunaldi haietatik, beraz, egoera okertu egin da, Zuluetaren hitzetan. Areago, «espiral geldiezin» bilakatu da abokatuen aurkako jazarpena.

Abokatuen aurkako «kriminalizazioa», baina, ez da egoera isolatua, Zuluetaren ustez. «Espainiako Gobernuak gatazka politikoari aurre egiteko duen gerra estrategiaren barruan» kokatu du abokatuen kontrakoa.

Egoera geldiarazteko deia egin du, hargatik: abokatuei elkarlanean beste urrats bat egiteko eskatu die: «Jazarpen hau amaitzeko guztion lana behar da».

Alfontso Zenon abokatuak bera auzipetua duen auziaren nondik norakoak azaldu zituen, besteak beste, «Espainiako autoritateek, gobernuak eta epaileek kriminalizatzeko lana elkarlanean» egiten dutela salatu ondoren.

2009ko otsailean zortzi egunez inkomunikatuta eduki zituzten eta ETArekin lotura zutelakoan espetxeratu zituzten ondarrutarrek kontatutako torturak publiko egiteagatik kereila jarri zion Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak Eusko Legebiltzarrak hala eskatuta, eta auzipetuta dauka.

Tortura debekatuta egon arren gaur egun torturatu egiten dela baieztatu zuen Felix Cañada abokatuak ere. «Estatuak eta haren botereek» ez dutela tortura saihesteko neurririk hartzen, eta, nazioarteko zein Espainiako araudiek espresuki debekatu arren, egon badagoela. «Nola uler daiteke bestela aurreko astean atxilotutakoek hamalau orduan bere burua jotzen horrenbeste deklarazio egitea ez deklaratzeko eskubidea edukita?». Erantzuna argia da, abokatuaren ustez: «Beatriz Etxebarriaren tortura salaketak ikusi besterik ez dago».

Gizarteak onartzen duelako torturatzen da oraindik, Cañadaren hitzetan. Beraz, «tolerantzia hori murritz dadin» lan egin behar da, haren ustez, tortura amai dadin; «epaileek beste aldera begiratzeko joera dute agintariek tortura onartzearen inguruan, eta horren inguruan eta torturak salatzen dituztenei jazartzearen inguruan herritarrek duten tolerantzia murriztu behar da».

Horrez gain, torturaren aurkako prebentzio neurriak hartzeko eskatu du, eta horien artean aipatu du polizien aurreko deklarazioen balioa desagerraraztea.

Nazio Batuen Erakundeak Espainiari egindako gomendioak gauzatzeko ere eskatu du. Besteak beste, atxilotuek haiek hautatutako abokatuekin zein medikuekin egoteko aukera izatea eta atxiloaldia bideoz grabatzea. Horrez gain, herritarrak, medikuak, epaileak, poliziak eta kazetariak formatu beharra aldarrikatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.