PP-ren batzarra

"Abortu librea" oihu eginez eten dute Rajoyren hitzaldia PPren kongresuan

Botoen %72,8ko babesarekin, Quiroga EAEko PPko presidente hautatu dute berriro. Bideoa: protestaren unea (Abortu Komunikazio Taldea). [Youtube]http://youtu.be/azKVVpVmOQE[/Youtube]

jon olano
2014ko martxoaren 8a
11:25
Entzun

Arantza Quiroga Euskal Autonomia Erkidegoko PPko presidentea karguan berretsi dute alderdiaren 14. kongresuan, botoen %72,8 jasota. Azken urteetan presidentea aukeratzeko bozketetan baino babes urriagoa du Quirogak; Antonio Basagoitik botoen %82,3 eskuratu zituen 2008an eta %92,5 2012an.

Quirogak "batasuna" eskatu dio alderdiari EAEko PPren ezohiko kongresuan, "barrutik zauritua dagoen gizartea berreraikitzeko". Presidentetzan berresteko hautagaitza aurkeztu du Quirogak, eta alderdikideei barkamena eskatuz hasi du hitzaldia, "alderdiaren siglei kalte egiteagatik".

Quiroga bera hautatu dute berriro presidente, eta Nerea Llanos idazkari nagusi. Iñaki Oiarzabalek betetzen zuen postu hori, eta kargutik kendu du Quirogak; tirabirak izan dira alderdian horren kontura, eta atzo jakinarazi zuten Llanosek beteko zuela haren kargua.

Oiarzabalek ere hartu du hitza kongresuan. Esan du ez doala "inora" eta "gustura" geratuko dela alderdian: "Arantza Quirogarekin geratuko naiz PPn". "Harro" agertu da PPko kide izateaz, eta gaineratu du "ohorea" izan dela idazkari nagusi kargua betetzea.

Rajoyren hitzaldia, etenda

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak itxi du hitzaldia. Besteak beste, ETAri eskatu dio desegiteko, "hitz egiteko ezer" ez dagoelakoan: "Hori da bidezkoa, demokratikoa eta arrazoizkoa. Oso erraz konpontzen da: desegin zaitezte". Erakunde armatua desegin osteko agertokian, "legearen inperioa" ezarriko dela gaineratu du Rajoyk, "mundu zibilizatu osoan bezala".

Lau gaztek, ordea, eten egin dute Rajoyren solasaldia, abortuaren lege erreformaren kontra "abortu librea" oihukatuz. "Gure gorputza, gure erabakia" ere aldarrikatu dute, eskuak altxatuta zituztela. PPkoek txistuka hartu dituzte, eta "bizitzari bai" erantzun diete batzuek. Lau gazteak Kursaaletik aterarazi dituzte, eta Rajoyk protestari erreferentziarik egin gabe jarraitu du hitzaldia.

Abortua Gipuzkoa Twitter sare sozialeko kontuak eskegi du protestaren unearen argazkia, eta, kontu horretan bertan jakinarazi dutenez, ekintzaileak kolpeka atera dituzte. Ondoren, Ertzaintzak identifikatu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.