Kaletik Gaztetxera dinamikaren barruan, Durangoko (Bizkaia) gazteek eraikin bat okupatu zuten ekainaren erdialdean, gaztetxearen proiektua aurrera eramateko. Bada, okupazio horri lotuta gaztetxeko kide bat epaitu zuten ekainaren 25ean, eta atzo iritsi zen erabakia: gaztea absolbitu dute. Gaztetxeko kideek eman dute horren berri: «Gaztetxearen proiektua martxan dago, inoiz baino indartsuago».
Ikusi gehiago
Erabakia laster iritsi da, epaiketa azkarra izan zelako. Izan ere, EAJren proposamen bat abiapuntu hartuta, Espainiako Diputatuen Kongresuan Prozedura Kriminalen Legea aldatu zuten iaz, eta, bertzeak bertze, etxegabetzeak 48 orduan egiten ahalko dira aurrerantzean, baldin eta jabeak kautelazko eskaera bat egiten badu. Prozedura hori baliatu zuten gaztea epaitzeko, eta lehenbiziko aldia izan da hori gaztetxe bati aplikatzen diotena.
Kaletik Gaztetxera dinamikako kideek eskerrak eman dizkiete proiektua babestu duten gazteei, baita Defentsa Komunitateari ere. Halaber, elkarrizketarako prest daudela erakutsiz, eraikinaren jabeei mintzatu zaizkie: «Beste behin, deia egin gura diegu jabe guztiei elkarrizketarako borondatea erakusteko».