Absolbitu egin dituzte Maravillasen auziko gazteak, frogarik ez dutelako

Joan den astean epaitu zituzten 22 gazteak, Iruñean, eta Nafarroako Gobernuak 56.000 euroko zigorra eskatu zuen. Epaileak dio poliziek identifikatu egin zituztela egun batean, ez dagoela beste frogarik

Rozalejoren jauregia zigilatu eta itxi egin zuten urtarrilean. Eraikin horren okupazioaren harira epaitu dituzte 22 gazteak. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko urriaren 24a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Iruñeko 4. Instrukzio Epaitegiak zigorrik gabe utzi ditu hiriburuko Rozalejoren jauregia okupatu eta kalteak egiteagatik epaitutako 22 gazteak. Joan den astean egin zuten epaiketa, ostegunean. Sententzian, epaileak dio akusazioek ez dutela froga sendorik erakutsi gazte horiek zigortzeko; izan ere, ohartarazi du poliziak egun jakin batean eraikinean identifikatu izanaz aparte ez dagoela beste zantzurik. «Ez da egiaztatu zeintzuk sartu ohi ziren eraikinera maiztasunez, edo nork kudeatzen eta zuzentzen zituen barruko ekintzak». Frogarik ezean, beraz, absolbitu egin dituzte gazteak.

Nafarroako Gobernuak akusazio gisa parte hartu du epaiketan, eta zigor ekonomikoak eskatu zituen: 56.000 euro, isunetan eta kalte-ordainetan. Fiskalak ez zituen akusatu epaitutako gazte guztiak: hiruren aurka galdegin zuen zigorra, bakoitzari 630 euroko isuna. Usurpazio delitu arina leporatu zieten epaitutako gazteei. Defentsak absoluzioa eskatu zuen, eta akusatuek ukatu egin zituzten egotzitako salaketak.

Rozalejoren jauregiaren okupazioan segurtasunaren argudioa erabili du Nafarroako Gobernuak, eta horri eutsi zioten epaiketan deklaratu zuten lekukoek ere; hala nola Rozalejoko markesaren jauregia «oso egoera txarrean» zegoela, teknikariek «segurtasun arazo larriak» sumatu zituztela, eta arrisku hori ikusirik ezin zutela baimendu «eraikina jendeari irekitzea, are gutxiago ekitaldi publikoak egiteko». Eraikinak denbora luzea zeraman hutsik, nahiz eta gobernuak hainbat proiektu eduki mahai gainean: ostalaritza eskola, Euskarabidearen egoitza eta Memoriaren Institutua, esate baterako.

Identifikazioak

Epaiketaren funtsa, hala ere, beste bat izan da: epaitutako 22 gazteek nolako parte hartzea ote zuten Maravillas gaztetxean. Epaiketan, sei foruzainek deklaratu zuten, gaztetxea husteko operazioan parte hartu zuten poliziek. Gazteak identifikatzeko prozeduraz galdetu zieten, batez ere. Foruzainek azaldu zutenez, auzipetuetako batzuk identifikatu zituzten «telebistan» ikusi zituztelako, «okupen bozeramaile gisa, adierazpenak egiten». Poliziek, baina, ezin izan zuten baieztatu pertsona horiek gaztetxera sartu zirenik edota leporatzen zizkieten txikizioak egiten ikusi zituztenik.

Hain justu, horri helduta eman du epaitegiak absoluzioa: ez dagoela frogatuta akusatuak Rozalejoren jauregian «etengabe atzera-aurrera» ibili zirenik. Epaileak ohartarazi du usurpazio delitua leporatzeko ezinbestekoa dela baldintza hori: «Bertan egoteko bokazioa eta etengabe jardutea, une jakin bateko erabileraz harago». Akusatutako gazteetako batzuei, gainera, Maravillas gaztetxean ardurak izatea egotzi diete, eta hor ere froga falta sumatu du epaileak. Gogora ekarri du Nafarroako Gobernuarekin eta Iruñeko Udalarekin bilerak egin zituztela gaztetxeko kideek, eta horietako inor ez dutela identifikatu.

Iazko abuztuaren 18an hustu zuten lehenengo aldiz Maravillas. Polizia goizaldean sartu zen, eta babesa ematera bildu ziren gazteen aurka jo zuen. Iluntzean, ordea, berriro sartu ziren gazteak. Urtarrilaren 19an, Poliziak bigarrenez hustu zuen gaztetxea. Hainbat protesta egin zituzten, eta Espainiako Poliziak nahiz Foruzaingoak gogor erantzun zuten mobilizazioetan parte hartu zutenen aurka. Eraikina zigilatu egin zuen gobernuak, eta porlanez itxi.

Gobernuak ez du iritzirik eman sententziari buruz, sakon aztertu behar duela argudiatuta. Maravillas gaztetxeak «berri ontzat» jo du absoluzioa, baina ohar egin du: «Hau oraindik ez da bukatu».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA