Ez da zigorrik Berangoko ongietorriagatik auzipetutakoentzat. Ekainean hasi eta bukatu zen epaiketaren emaitza absoluzioa da akusatutako hamaseientzat, eurek Instagram sare sozialean jakinarazi dutenez. 2022ko martxoan Berangon (Bizkaia) Ibai Aginaga euskal preso ohiari ongietorri ekitaldi bat egiteagatik terrorismoaren gorazarre delitua egotzita epaitu zituzten hamasei pertsona horiek Espainiako Auzitegi Nazionalean. Epaiketaren amaieran, defentsako bost abokatuek Guardia Zibilaren atestatuaren «oinarri falta» erakutsi zuten, modu oparoan.
Fiskalak bi urte eta bi urte eta bederatzi hilabete arteko espetxe zigorrak eskatu zituen hamasei auzipetuetako bakoitzarentzat, prozedura hasierako eskaerei eutsita. Gainera, hamabost urteko inhabilitazioei eta 5.100 euroko isunei ere eutsi zien; akusazio partikularrek —Dignidad y Justicia, Vox eta Fundacion Villacisneros—, berriz, hiru urteko kartzela zigorra eskatu zuten auzipetu bakoitzarentzat. Defentsako abokatuek hamasei akusatuen absoluzioa eskatu zuten, eta, azkenerako, epaileak aintzat hartu du eskaera hori, eta absoluzioaren alde egin du.
Akusatuek «oso pozik» hartu dute berria. Azpimarratu dute epaiketan modu argian «onartu» zutela ongi etorrian parte hartu zutela, eta horretarako «eskubidea» zutela. Hala ere, absoluzioaren alde egin du epaileak, eta «garaipen politiko bat» izan dela iritzio diote BERRIAri egindako lehen balorazio azkarrean.

Izan ere, ekaineko epaiketa amaitu aurretik, epaileek akusatuei azken hitza erabiltzeko aukera eman zien, eta gehien-gehienek uko egin zioten horri. Ziortza Fernandezek eta Sendoa Aratz Juradok, aldiz, azken deklarazioa egin zuten. «Berangoko ekitaldian parte hartu nuen Tinkoko militante gisa, amnistiaren alde borrokatzeko eskubidea dudalako», esan zuen lehenak. Bigarrenak ere «oso argi» utzi zuen Tinkoko kidea dela. Talde hori ezker abertzaleko ildo ofizialaren disidentzia izateari buruzko akusazioak egin zizkieten fiskalak eta akusazio partikularrek epaiketan, disidentzia horren larritasuna azpimarratu nahian. «Bai, disidentea naiz, esaterako zuekin», esan zien Auzitegi Nazionaleko arduradunei erreparatuta, baina epaileak ez zion aurrera jarraitzen utzi.
Kolaboratzaile bat
Guardia zibilek lekuko gisa deklaratu zuten egun hartan, eta adierazi zuten kolaboratzaile bat izan zutela Berangoko pilotalekuaren barruan eta, ustez, hark egindako grabazio baten transkripzioak erabili zituztela atestatua egiteko. Akusatuen abokatuek, Aratz Estonbak, Garbiñe Gomezek, Joseba Agudok, Diego Catriel Herchhorenek eta Amaia Izkok, xehetasun tekniko guztien bidez erakutsi zuten prozedura horrek ez duela balio froga gisa. Izan ere, zati batzuk baizik ez zituzten itzuli, eta ez zuten jakinarazi nork itzuli zuen, nola grabatu zen eta akusatu bakoitzari zer esan izana egozten zitzaion. Akusazioek, berriz, azpimarratu zuten «jo eta ke irabazi arte» eta «borroka da bide bakarra» esan zutela frontoian, eta hori esate hutsa delitua balitz bezala aurkeztu zituzten gertakariak.