Abstentzioaren truke «konpromisoa» eskatu dio EH Bilduk EAJri hizkuntza eskakizunen erreforman

Akordio baten bidez ziurtatu nahi du jeltzaleen bidea «eraginkorra» ez dela egiaztatzen bada elkarlanean hasiko direla beste erreforma bat lantzen, EH Bilduren proposamenaren «oinarriak» ardatz hartuta. Ostegunerako lortu behar dute hitzarmena.

EH Bilduko eledun Pello Otxandiano, artxiboko argazki batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Pello Otxandiano, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
arantxa iraola
2026ko ekainaren 18a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Berriz abstenitzeko prest dago EH Bildu, jeltzaleen «konpromisoa» ziurtatzen badu. Funtzio publikoko langileei euskara ezagutza egiaztatzeko ezartzen zaizkien hizkuntza eskakizunei segurtasun juridikoa emate aldera Euskal Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko Eusko Legebiltzarrean martxan dagoen prozeduraren barruan, berriki bi aldiz eman du abstentzioa EH Bilduk, jeltzaleek egindako proposamenak bere bidea egiten segi dezan. Ostegunean helduko da gaia Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurara, eta berriz ere urrats hori egiteko prest daudela jakinarazi du Pello Otxandiano EH Bilduko eledunak Euskadi Irratian egindako adierazpen batzuetan. Baina zehaztu du urrats hori egingo dutela soilik baldin eta jeltzaleekin akordio bat hitzartzen badute etorkizunera begira. Horren bidez ziurtatu nahi dute EAJren bidea «eraginkorra» ez dela egiaztatzen bada elkarlanean hasiko direla beste erreforma bat lantzen, EH Bilduren proposamenaren «oinarriak» ardatz hartuta.

Izan ere, bidean utzi du EH Bilduk bere proposamena. Horren inguruan akordio bat lortzeko ahaleginak egin ditu, baina ez dute fruiturik eman, eta arlo honetan «akordioak» berebiziko garrantzia duela gogorarazita ari da jeltzaleen proposamenaren aldeko keinuak egiten, «arduraz». Izan ere, funtsean, aurkeztu zuten proposamenaren defentsa egiten jarraitzen dutela gogoratu du gaur Otxandianok. Berriro esan du uste dutela jeltzaleen proposamena «ahula» dela eta arloan aurrerabideak egiteko oinarri sendoak falta dituela. Baina egun elkarrekin ados jarri ezinak dakarren ezin ulertua gainditzea da orain duten asmo behinena. 

Horiek horrela, halaxe mintzatu zaie gaur Euskadi Irratian egindako adierazpen batzuetan Otxandiano jeltzaleei: «Denborak demostratzen badu zuen proposamena eraginkorra dela, guk ez dugu izango inolako arazorik esateko oker geundela». Kontrakoa ikusten bada, ordea, EH Bilduk mahai gainean jarritako irizpideak aintzat hartzeko konpromisoa nahi dute. «Ikusten bada, frogatzen bada, haien proposamenak ez duela balio, ez bada eraginkorra, eskatzen diegu orduan egin dadila lege erreforma bat gure proposamenaren parametroetan». Idatziz jaso nahi dute horren gaineko akordioa.

Pradalesekin bilera

Ostegunean gaia osoko bilkurara helduko denez, Otxandianok esan du orain ahalegin guztiak egin nahi dituztela akordio hori lortzeko. Eta prest dute plan bat: «Datorren asteak aurrera egin ahala akordiorik ez badago, nik Pradales lehendakariari bilera bat eskatuko diot formalki, bion artean desblokeatu dezagun afera hau eta iritsi gaitezen datorren ostegunera akordio batekin». 

EAJko eledun Joseba Diaz Antxustegik ere hizpide izan du gaur gaia. Aspaldi ari dira jeltzaleak EH Bilduri abstentzioa eskatzen. Gaur berriro esan du EH Bildurenaren ondoan «zuhurragoa» dela beraien proposamena, eta horren alde egiteko eskatu die. Behin hori eginda, erreformaren emaitzen gaineko «ebaluazio bateratua» egiteko proposamena egin dio EH Bilduri. 

Bi taldeek erreforma proposamenak abiatu zituzten hizkuntza eskakizunen kontra urteotan metatu diren epai ugariekin kezkatuta. Horiei murru bat jartzea dute helburu, bakoitzak bere erara. 

Euskararen ezagutza egiaztatzeko derrigortasuna «orokortzea»: hori da EH Bilduren proposamenaren funtsa. Egun, gaztelaniaren ezagutza da orokortuta dagoen bakarra, eta gaztelaniazko arta da, ondorioz, beti bermatuta dagoen bakarra. Hori irauli nahi dute EH Bildukoek, eredu berri batekin. Euskalgintzak aurrez mahai gainean jarritako proposamenaren oinarriak ditu, funtsean, proposamen horrek. Eta tankerako ereduak badira: Galizian eta Katalunian, esaterako, hori da funtzio publikoko langileentzat jarrita dagoen irizpide orokorra. 

EAJk Eusko Legebiltzarrera eraman duen erreforma proposamena, berriz, zera da: hizkuntza eskakizunen derrigortasun indizea kendu egin behar dela, eta horrek bidea emango duela hizkuntza eskakizunen kontrako epai gehiago ez izateko eta administrazio bakoitzak bere bidea landu ahal izateko euskararen normalizazioan. Zehazki, Euskal Enplegu Publikoaren Legearen 11. artikuluari paragrafo bat gehitzea da jeltzaleen proposamena, eta hor jasotzea hizkuntza eskakizunetan «nahitaez bete beharreko indizeen zehaztapen orokorrik» ez dela aplikatuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE