Abstentziora jotzea «EH Bilduri botoa oparitzea» dela ziurtatu die EAJk dudatsuei

«Orain arte eraikitakoa arriskuan» ez jartzeko eskatu die Pradalesek bozkatuko ote duten ez dakitenei. Igandekoak ez direla foru bozak gogoratu die gipuzkoarrei, «Euskadi mailakoak baizik»

Imanol Pradales atzo, Donostiako ekitaldi politikoan. JON URBE / FOKU
Imanol Pradales atzo, Donostiako ekitaldi politikoan. JON URBE / FOKU
xabier martin
Donostia
2024ko apirilaren 18a
05:00
Entzun

EAJk atzo Donostian egindako mitinak protagonista argiak izan zituen: zalantzatiak. «Bozkatu ala ez bozkatu, hori da dilema», hasi zuen bere hitzartzea Iñigo Urkullu lehendakariak, eta erantzun azkarra eman zuen: «Uxatu zalantzak»; abstentzioa EH Bilduren aldeko botoa delako, harentzat, «opari bat» koaliozioarentzat. Horregatik, Bulebarreko izkin batean elkartutakoei eskaera argia egin zien: «Bozkatu, aukeratu Euskadi».

EAJko egungo agintari eta hautagai nagusiak bildu zituen alderdiak Donostiako udaletxearen aurrean, eta etengabeak izan ziren gipuzkoarrentzako mezuak. Dozenaka pertsonak betetako gunean izan ziren, besteak beste, Bingen Zupiria, Arantxa Tapia eta Jokin Bildarratz sailburuak, eta beste euskal erakundetako agintari goren batzuk ere, esaterako, Aintzane Ezenarro eta Jonan Fernandez. 

Urkulluk berotu zuen ekitaldiaren hasiera, urte askoan erakutsitako tonu instituzionala alde batera utzita eta  «HBri» buruz hitz eginda. «Aurrez aurre izan dugu beti herria eraikitzeko lanean; grebak, pankartak, dena ‘ez’ izan da beti haien erantzuna». Hori dela eta, «populismoaren eta muturreko jarreren aurkako» boto gisa azaldu zuen jeltzaleen aldekoa. Ohartarazi zuen oraindik ere, EH Bilduk «gutxietsi» egiten duela «Eusko Legebiltzarra»; koalizioko hautagaiek «herrialdearen zati hau» esaten dutela azpimarratu zuen, eta ozen esan zuen hori dela hain justu «Euskadi».

«Aurrez aurre izan ditugu beti herria eraikitzeko lanean; grebak, pankartak, dena ‘ez’ izan da beti haien erantzuna».

IÑIGO URKULLUEusko Jaurlaritzako lehendakaria

Gipuzkoako zerrendaburu Barkartxo Tekeriak hartu zuen hitza gero, ekitaldia egiten ari zen gunetik gertu jendeak paseoan edota kirola egiten jarraitzen zuen bitartean. Tejeriak  nahiko luke dudatsuekin hitz egin «banan bana», eskatzeko «barkamena, hutsak izan izan direlako», eta «osasunarekin eta zaintzarekin kezkaturik dauden adinekoei» azalduko lieke EAJk «eraiki» zuela Osakidetza, eta EAJk «sendotuko» duela.

Joxemari eta Gipuzkoa

Haren ostean ekin zion bere hitzartzeari Imanol Pradales lehendakarigaiak, eta, ezer baino lehen, argitu zuen «ondo» dagoela herenegun jasotako erasoaren ondoren, «lanerako prest». Berehala hasi zen Gipuzkoari eta Donostiari buruz hitz egiten, Kontxako Banderan arraunean egin zueneko egunak gogoratzen eta «Realeko neskei animoak» ematen, beste Kopa bat ekar dezaten «Euskadira», maiatzaren 18ko futbol Kopako finala dela eta. 

Gros auzoan egindako ekitaldi baten ostean kalean geratu zuen gizon batekin izandako solasaldia kontatu zuen Pradalesek. Joxemari izeneko 60 urteko gizonak esan omen zion aurreko astean «EAJ Bizkaira begira» zegoela eta «Gipuzkoa alboraturik» zuela, eta ez zuela bozkatuko; hautagaiak EAJren proiektua esplikatu zion «hamar minutuz-edo», baina ez daki konbentzitu zuen; hala ere, «entzuten jakin» zuela azpimarratu zuen, jaso zuela mezua eta bostekoa emanda agurtu zuela. Jarraian nabarmendu zuen igandeko bozak ez direla udal eta foru hauteskundeak, «Euskadiren klabean» direla, «lehendakaria» hautatzen dela, eta ezin dela «arriskuan jarri» orain arte eraikitako guztia».

«Joxemarik esan zidan EAJk Gipuzkoa alboratuta-edo duela; entzun eta bostekoa emanez agurtu nuen».

IMANOL PRADALESEAJko lehendakarigaia

EAJko presidente Andoni Ortuzarrek hartu zuen hitza azkenik, eguzkiak gutxi falta zuela Miramar jauregiaren atzealdean ezkutatzeko, eta Parte Zaharra animatzen zihoala jendearen joan-etorriekin. «Zalantzan zaudeten guztiei minutu bat baino ez dizuet eskatzen», esan zuen. «Euskadik merezi duen lehendakari bakarra dago. Denon Lehendakaria, gauzak diren moduan azalduko dituena, arazoetatik ezkutatuko ez dena, hiritar denei begietara begiratuko diena,  eta ez bakar batzuei besterik ez. Eta pertsona hori, hautagai hori, Imanol Pradales da».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.