Bake Bideak eta Bakegileek ageri bateratu bat aurkeztu dute Mikel Barrios euskal presoa askatzea eskatzeko. Abuztuaren 24an aztertuko dute Barriosek aurkeztutako eskaera, eta orduan finkatuko dute dei auziaren eguna. Irailerako, bizikleta martxa bat antolatu dute, Iturgoienetik Mont-de-Marsango espetxera (Okzitania). Han dago preso.
Barrios 2017ko urrian atxilotu zuten, Alemanian, eta handik Frantziara eraman zuten, abenduan. Osnyko (Frantzia) presondegian espetxeratu zuten, eta handik urtebetera aske utzi, zaintzapean. Joan den ekainaren 23an egin zen haren aurkako epaiketa. Fiskaltzak sei urteko espetxe zigorra eskatu zuen. Defentsak, berriz, kargurik gabe uztea, argudiatuta haren aurkako akusazioak ETAk borroka armatua behin betiko utzi ostekoak direla. Azkenik, Parisko Auzitegiak bost urteko kartzela zigorra ezarri zion, eta hamar urtez Frantzian egoteko debekua, «erakunde kriminaleko» kide izatea egotzita.
Bake Bideak eta Bakegileek «neurriz kanpokotzat» eta «ulertezintzat» jo dute Barriosen aurkako epaia, ETA 2018an desegin zela kontuan izanik: «Bada garaia tresna juridiko osoak testuinguru berri hori kontuan hartzeko!». Horregatik, euskal presoa «lehenbailehen» askatzeko eskatu dute.
Barrios askatzearen aldeko hainbat protesta egin dira azken asteetan, eta, horiei jarraikiz, Arrosadiako Sare taldeak Mont-de-Marsango espetxerako bizikleta martxa bat antolatu du, Iturgoienetik, irailaren 4tik 6ra bitartean. Bake Bideak eta Bakegileek bat egin dute martxarekin, eta gogoratu dute irailaren 19rako ere beste mobilizazio bat iragarri dutela, Zigorra hiltzeraino bete? 30 urte aski da lelopean.