Zaldibarko hondamendia

Abuztuaren 31n amaituko dira Zaldibarko zabortegia egonkortzeko eta egokitzeko lanak

Joaquin Beltran bilatzeko lanak maiatzaren 14an amaitu ziren. Zabortegia ixteko asmoa berretsi du Jaurlaritzak.

Zaldibarko hondamenida. Artxiboko irudia. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
unai etxenausia
2021eko abuztuaren 27a
14:30
Entzun

Eusko Jaurlaritzak ohar bidez jakinarazi du abuztuaren 31n amaituko dituela Zaldibarko zabortegia (Bizkaia) egonkortzeko eta egokitzeko lanak. Ekonomiaren Garapen eta Ingurumen Sailak azaldu duenez, ezbeharra gertatu zenetik «modu jarraituan eta etenik gabe» egin dute lan, eta neurriak aldatuz joan dira egoeraren arabera. Hala ere, lanen helburuak hauek izan direla nabarmendu du Jaurlaritzak: «Desagertutako pertsonak erreskatatzea, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze bilatzeko erritmoa arinduz; ingurumenari beste kalte batzuk eragin dakizkion eragoztea; eta zabortegia egonkortzea».

2020ko otsailaren 6an amildu zen Verter Recycling enpresaren zabortegia, eta luiziak azpian harrapatu zituen Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileak. Hondamendiaren ostean, Jaurlaritzak hilabeteak egin zituen gorpuen bila: iazko abuztuaren 16an aurkitu zuten Sololuzeren hilotza, baina ez dute lortu Beltranen gorpua hondakin artetik ateratzea, eta maiatzaren 14an bilaketa lanak bertan behera uztea erabaki zuen gobernuak.

Zabortegiko lanak amaitzear direla, Jaurlaritzak baieztatu du lur eremua «egonkorra» dela, eta ingurua etorkizunean ere egonkorra izango dela. Bestalde, obrak egin dituzte uretan ingurumen eraginik izan ez dadin, eta zabortegiaren kanpoaldera begira dauden malda txikietan ura infiltra ez dadin.

Zabortegia «ixtea» da Jaurlaritzaren asmoa; beraz, bertan «ezin izango da inolako hondakinik hartu». Obrak amaitu eta gero, zigilatzeko tramiteak abiatuko ditu gobernuak, baita lixibiatuen tratamendua egitekoak ere. Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Aldundiak maiatzean eman zituzten datuen arabera, erakundeek 30 milioi eurotik gora gastatuak zituzten dagoeneko Verter Recyclingen zabortegia amildu izanak eragindako kalteak konpontzen, eta litekeena da kopuru hori gehiago handitu izana.

Oposiziotik, EH Bilduk sare sozialetan salatu du Zaldibarko zabortegia erori zenean egin zuen bezala orain ere «eskuak garbitu» dituela Jaurlaritzak. «Hau ez da enpresen arteko arazo teknikoa. Aurrekaririk gabeko ingurumen hondamendi honi tresna politikoekin erantzun behar zitzaion eta erantzun behar zaio», ohartarazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.