Basauriko Udalak (Bizkaia) ziurtatu duenez, Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzaileak Bilboko Abandon AHT abiadura handiko trenaren geltoki intermodala egiteko zailtasunak ditu. Enpresak udalari jakinarazi dio tren lasterrarentzat ordezko ibilbide bat egitea pentsatzen ari direla zailtasun horiengatik. Andoni Busquet (EAJ) Basauriko alkatea ez dago ados ibilbidearen aldaketarekin, Basauriri bete-betean eragingo liokeela uste baitu. Hori dela eta, «ibilbideari dagozkion zalantzak argitu arte», Basauriko Udalak bertan behera utzi ditu AHTaren zundaketak egiteko ardura zuen enpresari emaniko baimenak.
Ibilbide berriarekin, tren lasterra Abandoraino iritsi beharrean, Basauriko Lapatza eta Uriarte auzoetatik pasatu eta San Migel auzoan dagoen Abaroa geltokira iritsiko litzateke; han, Renferen ohiko sarearekin elkartuko litzateke. Busquetek adierazi du ez dagoela ados hasierako proiektua aldatzearekin:«AHTak gure herritik igaro behar badu, ordain bat jaso behar dugu, ekonomikoa edo hirigintza arlokoa. Basaurik lehendik ere azpiegitura asko egin ditu interes orokorrarengatik». Basauriko alkateak uste du AHTak ingurumen eragin handia izango duela herrian. Azaldu duenez, trenen zirkulazioa eta zarata handituko lirateke, «herri guztian, gainera».
Basauriko Udalaren iritzian, ingurumen eragin txikiagoa sortuko luketen aukerak aztertu behar dira. Eta, aukerarik onena tren lasterra Basauritik igarotzea balitz, herriari ordain bat eman beharko litzaioke, sortutako kalteengatik.
Adifek AHTaren Abandoko geltokia baztertu du, Basauriko Udalak dioenez
Basauriko Udalak bertan behera utzi ditu tren lasterraren zundatze lanak egiteko baimenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu