Adimen artifiziala: «azenario bat makila bati lotua»

Adimen artifizialak kazetaritzan daukan eraginaz hausnartu dute Bilbon, BERRIAk antolatutako jardunaldi batean. Argi daude arriskuak, ez hainbeste horiei aurre egiteko moduak, baina kazetaritza egitera eta hari prestigioa ematera deitu dute hizlariek.

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2025eko abenduaren 11
18:12
Entzun 00:00:00 00:00:00

Adimen artifizialak kazetarien lana ordezkatuko ote duen, edo aurki albisteak makina batek idatziko ote dituen. Erredakzioetan aspaldi entzuten dira halako iruzkinak, erdi txantxetan, erdi beldurrez. Adimen artifizialaren inguruan jarrera bat hartzea oso zaila den seinale. «Gai honetan muturreko pesimista edo muturreko optimista izaten saiatzen naiz, baina ez dut lortzen. Denetik dauka: mehatxuak, arriskuak, aukerak eta erronkak», aitortu du Julen Orbegozo EHUko irakasle eta Gureiker ikerketa taldeko kideak. Baikortasunerantz jo du Eider Goenaga BERRIAko zuzendariordeak: «Duela bi urte, mehatxu gisa ikusten nuen erabat. Orain uste dut erronka bat dugula, arriskuei izkin egitekoa, eta adimen artifiziala osagarri gisa erabiltzekoa ere bai». Miren Berasategi Komunikazioan doktorea eta Deustuko Unibertsitateko ikerlaria, aldiz, ezkorrago aritu da: «Azenario bat da makila bati lotua. Lilura bat da, distrakzio bat».

Gaiaz hausnartzeko tarte bat hartu du gaur BERRIAk Bilbon, Adimen artifizialaren eragina kazetaritzan jardunaldia antolatuta —osorik ikus daiteke hemen— , eta, Jon Olano Urain BERRIAko kazetariak gidatuta, adimen artifizialaren mehatxuei eta aukerei buruz mintzatu dira hiru hizlariak, mahai inguru batean. Izan ere, iraultza teknologiko orok eragiten dituen zalantzak izugarri ugaritu dira adimen artifizialaren garapen azkarraren ondorioz, eta hedabideak erdian harrapatu ditu horrek guztiak. Martxan dira gogoetak, dekalogoak eta eztabaida etikoak; BERRIAk berak arautu egin du bere jardunean nola erabil daitezkeen adimen artifizialaren tresnak. «Badakigu non dauden gure marra gorriak, eta, hortik aurrera, esperimentatzen ari gara», gogoratu du Goenagak.

Baina, debateetan sartu aurretik, teknologiaren errora joan beharra nabarmendu du Berasategik, azenarioaren eta makilaren metaforan sakonduta: «Azenarioaren partea da adimen artifizial deitu diegun sistema horien pakete osoa: izen nahasgarri bat eman zaio, adimena, eta halabeharrezkotasunean eta urgentzian oinarritutako narratiba batekin merkaturatu da —«trena hartzen ez badugu, kanpoan geratuko gara»—, guztiz mistifikatuta, eta baliabide ekonomiko pila bat eta arreta handia jarrita». Baina makila du lotuta: «Planteamendu estraktibista eta kolonialista batekin batera iritsi zaigu: gureak ez diren baliabideak ustiatzen ditugu guk erabiltzeko».

«Adimen artifizialari izen nahasgarri bat eman zaio, eta halabeharrezkotasunean eta urgentzian oinarritutako narratiba batekin merkaturatu da, guztiz mistifikatuta, eta baliabide ekonomiko pila bat jarrita»

MIREN BERASATEGI Komunikazioan doktorea

Hala, zail ikusten du adimen artifizialari buruzko eztabaida etikoari ekitea: «Galdera etikoak beranduegi datoz, ez baitugu auzi epistemologikoa planteatu; alegia, ez dugu aztertu zer den». Eta beste analogia bat aipatu du: «Kolonialismoak edo esklabotzak aukera eman dezakete garatzeko eta efizienteagoak izateko, eta izan gaitezke esklabo jabe onak. Debate hori izan dezakegu? Hitz egin dezakegu etikari buruz, definizioz eta izatez onargarriak ez diren ezaugarri batzuk dituen tresna baten inguruan? Etikak aurrez etorri behar luke, halako sistemen zilegitasuna auzitan jartzean».

Eztabaida horrek, gainera, lotura du adimen artifizialaren arriskurik handienetako batekin: desinformazioa. Hor bai, ezkor eta kezkatuta agertu da Orbegozo: «Mundu hau kaotiko bihurtu nahi dutenek produktu berriak asmatu dituzte desinformazioa zabaltzeko. Sare sozialetan ikus daitezke adimen artifizialarekin egindako bideo sinesgarriak; mundu fake birtual bat egiteko saiakera bat da, zeinetan jendeak ez baitu jakingo produktu bat erreala den edo zerbait egiaz gertatu den. Desinformazioa borrokatzeko saiakera egiazkorik ez dut ikusi oraindik, eta, aldi berean, desinformazioa egiteko teknologia asko dago».

«Desinformazioa borrokatzeko saiakera egiazkorik ez dut ikusi oraindik, eta, aldi berean, desinformazioa egiteko teknologia asko dago»

JULEN ORBEGOZO EHUko irakaslea eta ikerlaria

Testu sortzaileek eta halako tresnek arrisku hori areagotzen dutela berretsi du Berasategik: «Eduki sortzaileak dira, baina ez dute zentzuaren arloan lan egiten, baizik eta formaren arloan; beraz, oso ekarpen azalekoa egiten dute: ez dira gauza arrazoitzeko, baloratzeko, sintetizatzeko... Ez dute laguntzen filtro lana egiten, agenda bat ezartzen, informazioa lehenesten... Edukia sortu, hori besterik ez dute egiten, eta aurrez bagenuen problema bat gehiegizko informazioarekin».

Desinformazioaren inguruko kezka, hala ere, ez da oraingoa, Goenagak gogora ekarri duenez: «Desinformazioa ez du adimen artifizialak bakarrik sortu, baina egia da orain ez daukagula tresnarik horri aurre egiteko. Inoiz baino beharrezkoagoa da informazioari balioa ematea, informazio egiazkoari, kontrastatuari, fidagarriari». Ildo horretan, BERRIAren jarduna defendatu du: «Gure txikian, gure lana egiten jarraitu behar dugu, alegia, kazetaritza egin, beti egin dugun bezala: kalera atera, han ikusitakoa jaso, atzean dauden giltzarriak esplikatu... Gizakiak egin dezakeen baina makinak egin ezin duen hori egin».

«Kazetaritzak asko dauka giza harremanetatik: elkarrizketak pertsonen artean egiten dira. Hori ezin da ordezkatu»

EIDER GOENAGA BERRIAko zuzendariordea

Bide horretan, baina, «tentsioa» falta dela uste du Orbegozok, hedabideek euren lana defendatzea: «Termino dialektikoetan, borroka bat planteatu behar da: hemen badago ozeano kakaztu bat, desinformazioa, irainak, polarizazioa... eta irakurleari esan behar zaio hedabideak beste zerbait direla, ez direla entretenimendu masiboa edo negozio hutsa egiten duten erakundeak, kazetaritza egiten baitute, eta hori ondasun publiko bat da. Horri prestigioa eman behar zaio, baina uste dut komunikabideek bigarren mailan utzi dutela lan hori, presentzia bermatu nahi izan dutelako sare sozialetan, trafikoa bideratzeko eta abar». 

Berasategi bat dator gogoeta horrekin, eta erantsi du kazetaritzak baduela beste egiteko bat: «Inportantea da errelatoaren eta terminologiaren gaineko borrokan amore ez ematea. Agian, adimen artifiziala kontzeptuaren ordez termino zehatzagoak erabiliz, edo antropomorfizaziorik ez eginez —sistemek ikasten dutela edo entrenatzen direla ez esanez—».

Uzkur mintzatu da Berasategi, era berean, euskararen eta adimen artifizialaren arteko harremanaz: «Ez dakit euskara horretara jolasten jarri nahi dugun. Ez naiz ausartzen esatera ezetz edo baietz, baina galdetuko nuke nola». «Kontua da hor gaudela jada», erantzun dio Goenagak; «Are, segur aski adimen artifiziala euskaraz gu baino zuzenago hitz egitera iritsiko da. Zuzenago, ez aberatsago; gizakiok ematen diogun txinparta ez du edukiko». Eta zalantza horien guztien artean, oinarrizkoenean jarri du indarra BERRIAko zuzendariordeak: «Kazetaritzak asko dauka giza harremanetatik: elkarrizketak pertsonen artean egiten dira. Hori ezin da ordezkatu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.