Adimen artifizialak iraultza eragin du ikerkuntzan ere. Ikertzaileen ohiko bidelaguna da adimen artifiziala. Nola lanak azkartzeko eta errazteko, hala aukera berriak planteatzeko. Kezka iturri ere bada, ordea.
Pare bat dozena lagun elkartu dira UEU Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako jardunaldian, Eibarko Markeskoa jauregian (Gipuzkoa), fisikako eta ingeniaritzako esperientziez hitz egiteko. Adimen artifiziala hizkuntz ereduak baino gehiago baita. Galdera bat egin, lan bat eskatu eta di-da batean erantzuna edo emaitza ematen duten laguntzaileak baino gehiago.
Adimen artifiziala erabiltzen du Jon Lopez Zorrilla EHUren Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakasleak, materialak eskala atomikoan simulatzeko ereduak sortzeko. Simulazio metodo klasikoen eraginkortasuna eta metodo kuantikoen zehaztasuna lortu nahi dituzte. Baina simulazio eredu oso sinpleekin lan egiten dute, «oso azkarrak izateko». Baita merkeagoak direlako ere. Azkartasuna garrantzitsua da. Adibide bat eman du Lopez Zorrillak: «Mila atomoko sistema bat simulatzeko, metodo klasikoa erabiliz, hiru ordu behar dira; adimen artifiziala erabilita, hamalau ordu; eredu unibertsala erabiliz, zortzi egun; eta metodo kuantikoa erabilita, hiru mila urte».
'Zementu teorikoa'
Eta hori guztia zertarako? Material berriak bilatzeko. Lopez Zorrillaren taldeak zementua ikertzen du. Ekoizteko prozesuan zementuak baino karbono dioxido gutxiago isuriko lukeen material bat lortu nahi dute, baina era berean urarekin zementuak bezain ondo erreakzionatzen duena. Aurkitu dute. Baina aurkikuntza teorikoa da, «ez dira laborategian sintetizatu».
«Hizkuntz eredu batek probabilitate banaketa egiten du, horixe besterik ez da»
ASIER LOPEZ ZORRILLA EHUko Zientzia eta Teknologia fakultateko irakaslea
«Goizean kafe bat...» amaierarik gabeko esaldia jarri die Asier Lopez Zorrillak entzuleei. EHUren Zientzia eta Teknologia fakultateko irakaslea da. Hiru puntuen ondoren, joan daitezke hartu, erosi, edan... aditzak. Hizkuntz ereduen funtzionamenduaren oinarriak azaldu ditu. Estatistika, probabilitatea. «Hizkuntz eredu batek probabilitate banaketa egiten du, horixe besterik ez da», laburbildu du. Gero osatu du azalpena: embedding-aren bitartez, hizkuntza bektore matematiko bihurtzen dela —hizkuntza matematiken bidez adierazten da—, transformer-ek datuen sekuentziak prozesatzen dituztela eta gai direla hitz bakoitzaren garrantzia neurtzeko, hurrengo hitza aurreikusteko.
Vicomtech enpresako Mugikortasun eta Logistikarako Sistema Adimendunen arloko zuzendaria da Harbil Arregi. Adimen artifiziala erabili dute, esaterako, portu batean kalteren bat duten edukiontziak atzemateko, banaketa enpresa baten kokapena eta ibilgailu kopurua zehazteko, aparkalekuak kudeatzeko, eta gidaririk gabeko ibilgailuen konboi elektrikoak probatzeko.
Semaforo adimendunak
Aurkezpena bukatu duenean, galdera: «Semaforoek sentsoreen bidez funtziona dezakete?», galdetu diote. Alegia, posible izango litzateke semaforoek argiaren kolorea unean uneko trafikoaren arabera egokitzea? Horrelako proiektuak badaudela esan du Arregik. «Bilbon semaforoak gorri daude», erantzun diote, txantxetan.
Femtosegundotako laserrekin lan egiten du Iñigo Ramon Condek, Nafarroako Unibertsitatearen CEIT Industriarako Zentro Teknologikoan; material supereroale berriak bilatzen ditu Manex Alkortak CFM Materialen Fisika Zentroan; eta Grenobleko (Frantzia) ESRF Europako Sinkotroi Erradiazio Instalazioan ikertzen ari da Oier Bikondoa fisikari eta Warwickeko Unibertsitateko ikertzailea.
«Adimen artifizialak izango du eureka momenturik? Gai izango da zerbait disruptiboa egiteko? Edo informazioa jasotzeko eta prozesatzeko gai baino ez da izango?»
EDORTA CARRASCAL UEUko Fisika saileko arduraduna
Guztiek erabiltzen dute adimen artifiziala, eta guztiek nabarmendu dute tresna baliagarria dela. «Gure eguneroko lana asko azkartu du», Arregiren esanetan, «automatizatu daitezkeen prozesuetan aurrerapen asko izan dira». «Lan aspergarriak» egiteko, Jon Lopez Zorrillaren esanetan. Asko erabiltzen dute, batez ere kodeak sortzeko. «Baina, orduan, gainbegiratzaile bihurtzen zara», azaldu du Alkortak. Eta zalantzak sortzen dira: «Zerbait berria topatzen baduzu, zer egin behar duzu, berriz dena aztertu?».
Abantaila bat aipatu dute Jon Lopez Zorrillak eta Oier Bikondoak: denbora gehiago dutela beste gauza batzuk egiteko edo pentsatzeko. «Gauza interesgarriak egiteko aukera eta denbora eskaintzen digu», ondorioztatu du Bikondoak. Alkortak gehitu du lan egiteko beste modu bat ekarri duela eta bi urtean asko aldatu dela haren lan egiteko modua.
Oporrak eta ‘Wall-E’
Makinek guztia egiten badute, zein izango da gizakien lana? Iñigo Gonzalez de Arrieta UEUko Fisika saileko arduradunetako batek egin die galdera. «Oporrak!», erantzun du Asier Lopez Zorrillak. Wall-E filmeko gizakiak ekarri ditu gogora Condek.
Adimen artifizialaren erabilera zabaldu da ikerkuntzan, baina hiru galdera egin ditu Edorta Carrascal UEUko Fisika saileko arduradunetako batek —EHUren Gasteizko Ingeniaritza Eskolako irakaslea da—: «Adimen artifizialak izango du eureka momenturik? Gai izango da zerbait disruptiboa egiteko? Edo informazioa jasotzeko eta prozesatzeko gai baino ez da izango?». Galderak ez du erantzun zuzenik jaso. Ikertzaileak zeuden aretoan, ez etorkizunaren iragarleak.
«Adimen artifiziala erabiltzeak geure buruaren entrenamendua galtzea eragin dezake»
HARBIL ARREGI Vicomtech-eko Mugikortasun Sistema Adimendunen arduraduna
Adimen artifiziala erabiltzen duten ikertzaileak ere kezkatzen ditu adimen artifizialaren erabilerak. Bai ikerkuntzan eragiten ari den aldaketengatik, bai herritarren eguneroko bizimoduan daukan eraginagatik. Adimen artifiziala entrenatu egiten da. «Adimen artifiziala erabiltzeak, ordea, geure buruaren entrenamendua galtzea eragin dezake, erabakiak gero eta gehiago uzten baditugu sistema horien esku», ohartarazi du Arregik. Adimen artifiziala noiz erabili eta noiz ez jakiteko heziketa behar dela uste du Asier Lopez Zorrillak: «Mugak jartzen ikasi behar dugu».