Euskal Herriak oinarri sendoak ditu adimen artifizialean burujabe izateko. Adimen artifizialaren tsunamia AEB Ameriketako Estatu Batuetatik iritsi da nagusiki, baina Euskal Herrian badaude aukerak adimen artifizial propioa izateko, bertan sustraitua eta bertako premiei erantzuteko.
«Adimen artifizialaren egoera hemen eta euskararentzat oso ona da. Bertako adimen artifiziala egiteko aukera dugu, euskara inoiz ez bezala dago teknologian». Baieztapena ez du edozeinek egin. Eneko Agirre Hitz zentroko zuzendariaren ahotik atera da. Hitz zentroa Hizkuntza Teknologiako Euskal Zentroa da, EHU Euskal Herriko Unibertsitatearena. Agirrek baieztapena argudiatu du: «Adituak ditugu, ikerketa zentroak, zentro teknologikoak, enpresak... eta elkarlanean ari gara».
Euskarabildua jardunaldian parte hartu du Agirrek. Adimen artIfizialean nola izan burujabe aztertu dute Donostiako San Telmo museoan: Adimen artifiziala herriaren zerbitzura. Nola eraiki ekosistema burujabea eta saretua?. Jardunaldiak interesa eragin du: aspaldi bete ziren jardunaldia bertatik bertara jarraitzeko lekuak, eta ehun lagundik gora elkartu dira San Telmon. Ametzagaiña eta Iametza enpresak eta Argia aldizkariak antolatzen dute Euskarabildua jardunaldia. Hamabosgarrena izan da aurtengoa.
«Adimen artifizialaren egoera hemen eta euskararentzat oso ona da. Bertako adimen artifiziala egiteko aukera dugu»
ENEKO AGIRRE Hitz zentroko zuzendaria
Eli Pombo Iametzako kudeatzaileak, antolatzaileen izenean, gaiari buruzko ikuspegia eman du sarrera hitzaldian. «Herrialdeek burujabetza behar dute adimen artifizialean», baieztatu du. Adimen artifizial «berezia» behar dute: «Euren historian eta kulturan ainguratua, interes publikoko beharretara eta emaitzetara egokitua».
Zaila da herrialde batek adimen artifizialean burujabetza osoa lortzea. Horrek adimen artifiziala garatzeko behar diren urrats eta tresna guztiak kontrolatzea behar baitu. Are zailagoa da Euskal Herriaren moduko herrialde batentzat. Horregatik, Pombok azaldu du burujabea izan daitekeela adimen artifizialaren arlo batzuetan, eta beste batzuetan ez. Lau geruzatan banatu du adimen artifizialaren burujabetza: hardwarea, ereduak, datuak eta aplikazioak.
Euskaran oinarritutako hizkuntz eredu eleanitzei buruzko mahai ingurua egin dute. Bertan parte hartu du Hitz zentroko Eneko Agirrek. Ondoan izan ditu Leire Barañano Euskorporako zuzendaria eta Itziar Cortes Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia koordinatzailea.
Hizkuntzan espezialistak
Oinarria oso ona da, baina «estrategia bat» eskatu du Cortesek: «Euskaran oinarritutako estrategia bat izan beharko luke. Nola erabiliko dugu teknologia euskararen alde?». Estrategia horrek galdera gehiago ere erantzun beharko lituzke, azpiegitura eta talentu premiei buruzkoak, esaterako. «Estrategia horrek hizkuntzan espezialistak aintzat hartu beharko lituzke; ez hainbeste teknologoak». Hala ere, diziplina ezberdinetako adituak izan beharko lituzke. Sektore publikoak eta pribatuak parte hartuko lukete.
Herrialde txikia, erronka handia. Adimen artifizialari buruzko estrategia ez dago; lankidetza bai, gutxienez. «Badaukagu lankidetza sustatzen duen ekosistema bat», nabarmendu du Cortesek, eta berretsi egin dute gainerakoek. «Gauza asko behar ditugu eta, beraz, lankidetza ezinbestekoa da», gehitu du Barañanok.

Agirreri gustatu zaio estrategiaren ideia, baina zenbait ñabardura garrantzitsu egin ditu. Lehena: «Euskararena oso garrantzitsua da, baina ezin dugu euskarara mugatu». Alegia, Euskal Herriko ikertzaileek egin ditzaketela ekarpenak adimen artifizialaren garapenean eta beste herrialde batzuetarako baliagarriak diren tresnetan. Alde batetik, teknologia berak balio duelako testua, irudiak, ahotsa, programak, agenteak... lantzeko. Teknologia hori erabiltzen dute Euskal Herriko ikertzaileek eta ikasten dute bertako ikasleek. Bestetik, Euskal Herria ondo kokatuta dagoelako adimen artifizialaren garapenean, bai hizkuntza gutxituei dagokienean, bai teknologiari dagokionez.
«Teknologia gisa dugun potentzialtasuna euskaratik harago doa», azaldu du Agirrek. «Gai baldin bagara Latxa egiteko [adimen artifizialeko euskarazko eredu sortzailea], gai gara beste batzuk egiteko». Euskara ez da hain hizkuntza txikia Interneten. 50.a, Hitz zentroko zuzendariak zehaztu duenez. «Euskararentzat ikasten dugunak hizkuntza askotarako balio du, eta, gainera, ari dira guri begira». Finlandia eta Irlanda aipatu ditu Euskal Herrian egiten denari begiratzen ari diren herrialdeen artean.
Erabilera zehatzak
Adimen artifiziala ez da hizkuntz ereduetara mugatzen. Askoz ere zabalagoa da. Adimen artifizialaren erabilera zehatzak behar dira eta beharko dira. Eredu txikiagoak eta zehatzagoak beharko dira premia jakin batzuei erantzuteko. Enpresetan, esaterako. Baina tresna horiek garatzeko datuak behar dira. Testuak, ahotsa eta irudiak.
Horretan ari da Euskorpora: Euskorpus sortzen ari da, euskarazko corpus erraldoia. Ikertzaileek eta enpresek corpus hori erabili ahalko dute euskarazko tresna digitalak sortzeko. Burujabetza teknologikoa lortzeko datuak behar baitira. Datu asko eta datu espezializatuak.
Tresna zehatzak eta espezializatuak lortzeko, datu zehatzak eta espezializatuak behar dira. Langile batek bere lantegiko makina batekin hitz egin behar badu, lantegiko hizkera teknikoan oinarritutako datuak —ahotsa— beharko dira, datu horietan oinarrituta tresnak sortzeko. Makinak langilea eta langileak makina ulertzeko. Euskorporak audioen ia bi mila ordu prozesatu ditu azkeneko urte eta erdian, euskara batuan eta euskalkietan.
«Euskaran oinarritutako estrategia bat izan beharko luke. Nola erabiliko dugu teknologia euskararen alde?»
ITZIAR CORTES Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia koordinatzailea
Horregatik, Barañanok eskaera bat egin die herritarrei: «Datuak sortzeko ia gizarte osoaren inplikazioa beharko da». Prozesua azkartu egin behar dela ohartarazi du, «euskarazko aukerak lehenbailehen ezartzeko».
Euskorpus kode irekiko corpusa da. «Datuak eskura eta libre jarri behar ditugu», Barañanoren esanetan. Ereduak eta datuak libre eskaintzea garrantzitsua da, ikertzaileek, zentroek eta enpresek eredu eta datu horietan oinarrituta aplikazio eta produktu berriak gara ditzaketelako.
Azpiegituretan eskas
Adimen artifizialak hiru oinarri ditu: datuak, ikertzaileak eta azpiegiturak. Azpiegiturak ordenagailu ahaltsuak eta datu zentroak dira. HPC deitzen zaie: High Performance Computing. Errendimendu handiko konputazioa. Superkonputazioa. «Arazoa da oso garestiak direla», azaldu du German Rigau Hitz zentroko zuzendariordeak. Adimen artifizialeko hizkuntz ereduak sortzeko konputazio asko behar da.
Informazioa GPU Grafikoak Prozesatzeko Unitateen bitartez prozesatzen da. Datu kopuru erraldoiak aldi berean eta oso azkar prozesatzeko gai dira. Europako Batasun osoan 80.000 GPU daude; AEBetan kluster bakar batek kopuru horren halako hiru ditu.
Euskal Herrian badira GPUak. Nafarroako Gobernuak hogei ditu, Nasertic sozietate publikoaren bitartez. Horietatik zortzi erabiltzen dituzte adimen artifizialerako. EJIE Eusko Jaurlaritzako Informatika Elkarteak badu HPC bat eta plataforma bat lantzen ari da, Argia. DIPC Donostia International Physics Centerrek ehun bat GPU ditu. Hyperion dute, superkonputazio zentro bat. 2027 amaieran edo 2028 hasieran Athenea jarriko dute abian, Hyperionen ahalmenaren halako hamar izango duen zentroa, Donostiako IBM Quantum System Two ordenagailu kuantikoari lotua.
«Jauzi bat»
aDi Data Centerrek datu zentro bat du Abanton (Bizkaia). Bigarren datu zentro bat prestatzen ari da, Arrasaten (Gipuzkoa). Alex Etxeberria aDi Data Centerreko zuzendariak uste du datu zentroek beren lurraldeetan errotuta egon behar dutela. Galdera bat egin du, gaur egun pentsaezina, baina gerta daitekeena: «Microsoft edo Google itxiko balira, zer?». Uste du «jauzi bat» egin behar dela adimen artifizialerako azpiegituretan, eta azpiegitura lehiakorrak eskaini behar zaizkiela enpresei.
Kataluniako Gobernuak hodei publiko bat sortuko du. Alemaniako T-Systems enpresak garatuko du, 400 milioi euroren truke. aDi Data Centerrek hodei bat sortu du, software librean oinarrituta. Hodei horretan hamar bat GPU daude eta lehen bezeroak lortu ditu.
«Lankidetza ezinbestekoa da. Datuak sortzeko ia gizarte osoaren inplikazioa beharko da»
LEIRE BARAÑANO Euskorporako zuzendaria
Izarraldek datu zentroak ditu Angelun eta Bidarten (Lapurdi), eta beste bat eraiki nahi dute Akizen (Okzitania). «Alternatiba lokala eta arduratsua» da, Alexis Guirle zuzendariaren esanetan. «Hurbileko datu zentroak eraikitzea hautatu dugu, hurbileko datu zentroak eraginkorragoak direlako».
«Google eta Amazon geratzen badira, guk jarraituko dugu», erantzun dio, neurri batean, Etxeberriak egindako galderari. «Ahalik eta burujabeen izan nahi dugu», gehitu du. Eneko Agirre Hitz zentroko zuzendariak ohartarazpen bat egin du teknologikoki burujabeak izatearen garrantziaz: «Ez bagara ernarazten, beste teknologia batzuren erabiltzaileak izango gara». Mendekoak.
europako eredu libreak
Europan hizkuntz eredu libreak sortzeko dauden hiru proiekturen berri eman du Aitor Soroa Hitz katedrako zuzendariak.
- OpenEuroLLM.
Hogei bazkide ditu eta 37 hizkuntzatarako sortu nahi dute adimen artifizialeko hizkuntz eredua. Aurtengo abenduan jarri nahi dute eskura lehen bertsioa.
Webgunea: openeurollm.eu
- EuroLLM.
Europako Batasuneko 24 hizkuntza ofizialetarako eta beste 11 hizkuntzatarako sortu nahi dute adimen artifizialerako hizkuntz eredua. Dagoeneko bi eredu sortu dituzte eta hirugarrena kaleratuko dute laster.
Webgunea: eurollm.io
- Apertus.
Suitzan sortu dute. Anbizio handiko proiektua da: 1.500 hizkuntzatarako entrenatu dute eta hamabost bilioi token erabili dituzte horretarako. Tokenak adimen artifizialeko oinarrizko informazio unitateak dira, hitzak edo hitz zatiak, nolabait esateko.
Webgunea: apertus.cc
Dezentralizazioa eskatu du rasmussenek
Fisikaria da Steen Rasmussen. Danimarka Hegoaldeko Unibertsitateko irakasle emeritua. Bizitza artifiziala ikertu du, eta adimen artifiziala bizitza artifizial horrekin alderatu du. Haien kabuz funtzionatzeko eta erabakiak hartzeko gai diren adimen artifizialeko agenteak aipatu ditu: «Haien kabuz erreplikatzen dira, baliabideak garatzen dituzte, kopiak sortzen dituzte». Bizitza biologikoaren pare. «Badakite nola funtzionatu gizakirik gabe, izaki bizidun bihurtu dira», ohartarazi du San Telmo museoko aretoan.
Horren aurrean, eta teknologia enpresa erraldoien ereduari aurre egiteko, ziberespazioa dezentralizatzeko proposatu du Rasmussenek. Tokian tokiko unitateetan oinarritzea: «Energia gutxiago behar dute, merkeagoak dira, eta sendoagoak ere bai». Dezentraliazioaz gain, ziberespazioko elementu guztiak arautzeko legeak ere eskatu ditu.