Adin txikikoak dituzten Gasteizko bi familia kale gorrian geratzeko arriskuan daudela salatu dute

Aldi baterako harrera proiektua eten diote familia bati, eta etxegabetu egin dute bestea, baina alternatiba «duinik» ez diete eskaini. Bi familientzako etxebizitza «egonkorrak» eskatu dituzte Auzoan Bizi sareak, auzokideek eta hezkuntza komunitateak.

Agerraldi bateratua egin dute gaur Auzoan Bizi sareak, arriskuan duen familietako kideek, eta Abendaño eta Federico Baraibar ikastetxetako hainbat irakaslek. AUZOAN BIZI
Agerraldi bateratua egin dute gaur Auzoan Bizi sareak, arriskuan duen familietako kideek, eta Abendaño eta Federico Baraibar ikastetxetako hainbat irakaslek. AUZOAN BIZI
edurne begiristain
Gasteiz
2025eko ekainaren 26a
18:55
Entzun 00:00:0000:00:00

Gasteizko Auzoan Bizi etxebizitza sareak salatu du bi familia —hiru adingabe barne— kale gorrian geratzeko arriskuan daudela, Gasteizko Udalaren eta gizarte zerbitzuen «utzikeriaren» ondorioz. Egoera salatzeko agerraldi bateratua egin dute gaur familia horietako kideek, Abendaño eta Federico Baraibar ikastetxetako hainbat irakaslek —hiru adingabeek han ikasten dute— eta Auzoan Bizi sareko ordezkariek.

Familietako bat CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordeak kudeatutako aldi baterako harrera proiektu baten bidez sartu zen Gasteizko La Bilbaina ostatura bizitzera, orain urtebete. Harrera proiektua etenda, ostatuak ez die inolako irtenbiderik eskaini, eta haiek kaleratzeko prozesua abiatu du.

Babesgabe daudela salatu du Azizek, gurasoetako batek: «Ez digute alternatibarik eskaini, eta ostatuak uko egin dio negoziatzeari. Guk proposatutako irtenbide guztiak baztertu dituzte». Ostatuan igarotako urtebetean, gainera, bizi baldintza «prekarioak» pairatu ditu familiak —hezetasunak dituzte, eta ostatuak egiturazko akatsak ditu— eta horrek osasun arazo larriak sortu dizkie, bereziki haurrei: alergiak, arnasketa arazoak eta asma.

Beste familiak, berriz, hilabeteak zeramatzan Txagorritxu auzoko etxebizitza batean bizitzen, baina ekainaren 18an, aurrez inolako abisurik jaso gabe, udaltzainak etxean agertu ziren eta handik bota zituzten. «Ez genuen abisurik jaso. Ez idatziz, ez ahoz. Ez genuen inolako aukera legalik izan geure burua defendatzeko», salatu du Akreem gazteak.

«Ez digute alternatibarik eskaini, eta ostatuak uko egin dio negoziatzeari. Guk proposatutako irtenbide guztiak baztertu ditu»

AZIZKalean geratzeko arriskuan dagoen familia bateko kidea

Gizarte zerbitzuek ostatu batean bost gau pasatzeko aukera eman zieten —«gela bakarrarekin, intimitaterik gabe»—, baina ez familiako kide guztiei: «Adingabe bat eta guraso bat bakarrik hartzeko proposamena egin ziguten, eta aukeratu behar izan genuen nor geratzen zen kalean eta nor ostatuan».

Hezkuntza eta auzoko sarea, batuta

Federico Baraibar eta Abendaño eskoletako irakasleek ere kezka agertu dute, uste dutelako hiru adingabeak kaleratzeko mehatxupean egoteak eragin handia duela haien ikasketa prozesuan eta ongizatean. «Haur batek ezin du ikasketetan arreta jarri estresa, ezegonkortasuna eta etxegabetzeko mehatxua jasaten baditu. Etxebizitza eskubiderik gabe, ez dago hezkuntza eskubiderik», azpimarratu dute. Familiei babesa agertu diete, eta etxebizitza «duin» bat emateko eskatu instituzioei.

Txagorritxuko komunitate sareak ere mezu irmoa luzatu du: «Bakean bizi nahi dugu, berdinen artean eta komunitatean. Eta aukera hori mugatzen digutenei, jakin dezatela aurrean izango gaituztela. Etxebizitza ez da baita negozio bat».

Auzoan Bizi sarearen hitzetan, bestalde, familia horien egoerak berriro ere erakusten du gaur egun etxebizitza ez dela eskubide bat, baizik eta «negozioa». Uste dute ostatuak eta etxebizitza turistikoak ez direla «alternatiba duinak» eta «egokiak» baliabide publikoen bidez etxebizitza premiei erantzuteko. «Putre ekonomikoen interesak lehenesten dira, erakunde publikoen konplizitatearekin. Eta hori ezin dugu onartu», ohartarazi dute.

«Ez ditugu ogi apurrak nahi, bizi baldintza duinak eta alternatiba integralak baizik»

AUZOAN BIZI 

Gasteizko Udalari eta gizarte zerbitzuei honako neurriak exijitu dizkiete: bi familientzako etxebizitza «duin eta egonkorrak», familiak ez bereiztea, hutsik dauden etxe publikoak mobilizatzea eta baliabide sozialak handitzea. «Ez ditugu ogi apurrak nahi, bizi baldintza duinak eta alternatiba integralak baizik», ohartarazi dute.

Agerraldian azpimarratu dute bi familien kasua ez dela bakarra, etxebizitza eskubidea «merkantzia» bihurtu duen sistema baten isla baizik. Eta iragarri dute borroka komunitarioaren eta elkartasunaren bitartez mobilizatzen jarraituko dutela, «espekulatzaileen» aurka eta etxebizitza eskubidearen alde.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.