Adinekoen aurkako tratu txar ekonomikoei eta finantza abusuei aurre egiteko gida bat ondu dute

Adinkeria, bakardadea eta arrakala digitala arrisku faktore nagusien artean daudela ohartarazi du Eusko Jaurlaritzak. Profesionalentzako detekzio eta esku hartze tresnak bildu dituzte gidan.

Adineko bi pertsona zahar etxe batean. GORKA RUBIO / FOKU
Adineko bi pertsona zahar etxe batean. GORKA RUBIO / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2026ko uztailaren 2a
14:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Adineko pertsonen aurkako tratu txar ekonomikoak eta finantza abusuak prebenitzeko, antzemateko eta halako egoeretan esku hartzeko gida bat ondu du Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak. Gidaren helburua zera da: adinekoei, haien senideei eta zaintza nahiz gizarte arloko profesionalei egoera horiek identifikatzeko eta behar bezala erantzuteko baliabideak eskaintzea. «Tratu txar ekonomikoa ez baita beti izaten lapurreta ageriko bat; askotan laguntza, zaintza edo kudeaketa gisa mozorrotuta agertzen da, eta horregatik ezinbestekoa da profesionalek egoera horiek garaiz identifikatzeko prestakuntza izatea», azaldu du Nerea Melgosa Ongizate departamenduko sailburuak aurkezpenean. 

Baina zer da adinekoen aurkako tratu txar ekonomikoa? Melgosak esplikatu duenez, adineko baten dirua, ondasunak edo eskubide ekonomikoak baimenik gabe edo haren interesen aurka erabiltzea edo kontrolatzea da. Horren adibide dira, besteak beste, bankuaren kontuak edo txartelak baimenik gabe erabiltzea, pentsioez jabetzea, dokumentuak sinatzera behartzea, testamentuak edo ahalordeak aldatzeko presioa egitea edota ulertzen ez dituen kontratuak sinaraztea. Era berean, iruzur digitala eta etxez etxeko salmenta oldarkorra ere tratu txar ekonomikotzat jotzen dira.

Psikologia, gizarte lan, gizarte hezkuntza, zuzenbide, notariotza, finantza erakunde eta hirugarren sektoreko profesionalen artean banatuko dute gida. Izan ere, profesionalentzako tresna praktikoa izateko sortu dute, askotan ez baitakite nola jokatu adineko baten ondarearen kudeaketan zerbait ondo ez doala sumatzen dutenean. Rafael Armesto del Campillo abokatuak eta Marije Goikoetxea Deustuko Unibertsitateko Giza Eskubideetan doktoreak ondu dute gida, eta azken horrek esplikatu du profesionalek sarritan halako egoerak detektatzeko zailtasunak izaten dituztela: «Profesional askok ez dakite nola jardun pertsona batek bere dirua nork kudeatzen duen ez dakienean, koordainketak egiteari uzten dionean edo bere ondasunen kontrola galtzen ari dela ikusten denean. Gure betebeharra da arrisku faktoreak garaiz identifikatzea, pertsonak bere bizitza osoan lortutako ondarea galdu aurretik».

«Profesional askok ez dakite nola jardun pertsona batek bere dirua nork kudeatzen duen ez dakienean, koordainketak egiteari uzten dionean edo bere ondasunen kontrola galtzen ari dela ikusten denean

MARIJE GOIKOETXEAGiza Eskubideetan doktorea

Gisa horretako abusuak askotan konfiantzazko harremanen barruan gertatzen dira, eta senideek, zaintzaileek edo inguruko beste pertsona batzuek egiten dituzte. Horregatik, ez dira beti erraz antzematen, laguntza edo zaintza gisa mozorrotuta ager baitaitezke. Ondorio ekonomikoak ez ezik, beldurra, lotsa, bakartzea, depresioa, antsietatea eta autonomia galtzea ere eragin ditzake, eta estres kronikoak narriadura kognitiboa bizkortu eta osasun fisikoan ere ondorio larriak izan ditzake, gidan jaso dutenez.

Goikoetxeak nabarmendu duenez, finantza abusua ez da soilik arazo ekonomiko bat, ezpada pertsonaren bizi proiektuan zuzenean eragiten duen eskubide urraketa. «Adinekoa izateak ez du esan nahi etorkizunik ez dagoenik. Pertsona guztiek dute beren ondasunekin planak egiteko eskubidea, beren nahiak eta lehentasunak erabakitzeko eskubidea».

Bakardadea eta gaixotasuna

Dokumentuan aletu egiten dira tratu txar ekonomikoaren biktima izateko arriskua handitu dezaketen hainbat egoera; horien artean daude, besteak beste, bakardadea, mendekotasuna, berriki alargun geratu izana, narriadura kognitiboa, finantza zerbitzuen digitalizazioak eragindako arrakala digitala eta adinkeria. Goikoetxearen esanetan, gida hiru arrisku faktore nagusitan oinarritzen da: gaitasun kognitiboaren lehen gainbeheran, gero eta handiagoa den mendekotasun digitalean eta bakartze sozialean.

Azaldu zuenez, digitalizazioak beste arrisku batzuk sortu ditu. «Askok ezin dituzte bankuko tramiteak bakarrik egin, eta pixkanaka beste norbait hasten da txartela erabiltzen, gakoak ikasten edo kontua kudeatzen. Laguntza gisa hasten dena ordezkapen bihur daiteke», ohartarazi du.

«Tratu txar ekonomikoa askotan laguntza, zaintza edo kudeaketa gisa mozorrotuta agertzen da, eta horregatik ezinbestekoa da profesionalek egoera horiek garaiz identifikatzeko prestakuntza izatea»

NEREA MELGOSAEusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburua

Goikoetxearen hitzetan, egoera hori bereziki arriskutsua da bakardadearekin edo mendekotasunarekin batera gertatzen denean. «Pertsona zaharra gero eta gehiago dago beste baten mende bere ondasunak kudeatzeko, eta, gainera, bakartuta badago, errazagoa da haren erabakiak ordezkatzea edo haren dirua baimenik gabe erabiltzea».

Identifikatutako kasuetan hiru profil nagusi agertzen dira. Batetik, ekonomikoki adinekoaren diru sarreren edo ondarearen mende bizi diren familiak; bestetik, bakarrik bizi diren eta konfiantza handiegia duten pertsonak, telefono iruzurren edo kanpoko iruzurgileen biktima bihurtzen direnak; eta, azkenik, zaintza harremanaren izenean adinekoaren erabakiak pixkanaka ordezkatzen dituzten egoerak.

Prebentzio neurri gisa, gidan hainbat gomendio bildu dituzte: finantza gaiei buruz naturaltasunez hitz egitea, bankuko laburpenak eta kontratuak lasai berrikustea, gako pertsonalak inori ez ematea eta presiopean dokumenturik ez sinatzea. Era berean, eragiketa garrantzitsuak egitean beste profesional baten iritzia eskatzea eta konfiantzazko laguntza sare bat izatea lagungarria dela jaso dute.

Gidan, gainera, arrisku faktoreak eta tratu txarren alerta seinaleak baloratzeko bi galdetegi jaso dituzte. Bi arrisku faktore edo gehiago antzemanez gero, dokumentuan gomendatzen dute adinekoa gizarte langilearengana bideratzea, haren egoera modu integralean azter dadin.

Zuhurtzia

Goikoetxeak bereziki azpimarratu du zuhurtziaren printzipioa. «Lagundu egin behar dugu, baina ez ordezkatu. Pertsonaren iritzia aintzat hartu behar dugu». Horregatik, gidak irizpide argiak eskaintzen ditu: adineko pertsona aintzat hartzea, profesionalen arteko koordinazioa indartzea eta askatasuna zein konfidentzialtasuna errespetatzea, besteak beste. «Baina inoiz ez beste alde batera begiratzea», erantsi du.

Abusu baten susmoa izanez gero, lehenik adinekoarekin bakarka eta lasai hitz egitea gomendatzen dute, haren borondatea askatasunez adieraz dezan, eta beste inoren presiorik ez dagoela egiaztatzeko. Horrez gain, bankuarekin harremanetan jartzea, gizarte zerbitzuetara jotzea, eta, delitu edo iruzur zantzuak baldin badaude, Fiskaltzari edo Poliziari jakinaraztea aholkatzen dute gidan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA