Adingabe bati egindako sexu erasoa salatzeko protestara deitu dute Arrietan

Udalak jakinarazi duenez, joan den hilabetean gertatu zen erasoa. Arrietako Andrazkoak taldeak eta udalak deituta, elkarretaratzea egingo dute bihar, udaletxearen aurrean, 18:00etan.

Indarkeria matxista salatzeko protesta bat Getxon, iaz. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Indarkeria matxista salatzeko protesta bat Getxon, iaz. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko maiatzaren 14a
16:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arrietako Udalak (Bizkaia) jakinarazi duenez, joan den hilabetean gizon batek sexu eraso bat egin zion neska adingabe bati. Erasoa gaitzesteko eta biktimari elkartasuna adierazteko, elkarretaratzera deitu du Arrietako Andrazkoak taldearekin batera. Udaletxearen aurrean bilduko dira, bihar, 18:00etan.

Erasoa salatzeko, adierazpen bat argitaratu du udalak: «Indarkeria matxistaren aurrean, zero tolerantzia». Argi utzi dute ez dutela inolako eraso matxistarik onartuko herrian, eta ez dutela beste alde batera begiratuko. «Ez gara konplize izango; horrelako jarrerek ez dute lekurik gure herrian, ez orain, ez inoiz», azpimarratu dute.

Biktimari elkartasun osoa adierazi diote, baita haren inguruko lagun eta senideei ere. Horrez gain, eskura dauden udal baliabideak jarri dituzte haien zerbitzuan. Jakinarazi dutenez, kasuaren «jarraipen zorrotza» egingo dute. «Ez dugu utziko isiltasunak estal dezan gertatutakoa, eta erakunde modura dugun konpromisoa azpimarratzen dugu». Biktimaren eskubideen defentsan jardungo dutela adierazi dute.

Giza eskubideen urraketa

Arrietako Udalak gogorarazi du emakumeen aurkako indarkeria emakumeen duintasunaren eta askatasunaren aurkako erasoa dela, eta, hortaz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina. Are, esan dute sexu erasoak ez direla gertakari bakan bat, «gizartean sustraituta dagoen indarkeria matxistaren adierazpen kezkagarria» baizik.

«Gaitzespen hutsak ez dira nahikoa», nabarmendu dute, eta erantsi «berdintasuna, errespetua eta hezkuntza» izan behar direla eguneroko ekintzen oinarri. Bide horretan lanean jarraituko du udalak. Are, konpromisoa hartu dute «emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunaren alde» lanean jarraitzeko, eta «indarkeria matxistaren aurka modu aktibo eta kolektiboan borrokatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!