Eusko Legebiltzarrean EAJren eta PSE-EEren etxebizitza legea onartzen ari ziren bitartean, familia bat etxegabetu dute Gasteizko Txikita kalean. Auzoan Bizi etxebizitza sindikatuak kontatu duenez, segizio judiziala eta Udaltzaingoa joan dira etxebizitzara, eta, sindikatuko kideak negoziatzen saiatu badira ere, entzungor egin diete. Salatu dute familiak ez zuela inongo prozesu judizialen berririk, eta, beraz, ez duela izan defentsa juridikorako eskubiderik. «Familiari astebeteko ostatua eskaini diote gizarte zerbitzuetan. Guk argi dugu ostatuak ez direla etxebizitza alternatiba, eta etxebizitza duin eta iraunkorra exijitzen dugu etxegabetutako familiarentzat», erran dute.
Sindikatuaren erranetan, etxebizitzaren jabea Ensanche 21 enpresa da, Gasteizko Udalaren hirigintza enpresa publiko-pribatua. Hala, instituzioak arazoaren parte direla salatu dute, eta horiek ere «etxebizitzaren espekulazio eta negozioan parte hartzen» dutela. «Horren adibide argiak dira Gasteizko Udalak saldu nahi dituen bi etxebizitza bloke, bata Kubo kalean eta bestea Florida kalean. Hori gutxi balitz bezala, beren jabetzako etxebizitzak hutsik eta abandonatuta mantentzen dituzte, okupen kontrako ateetan eta alarmetan xahutzen dute dirua, eta familiak etxegabetzen dituzte», gehitu dute.
Egoera zein den ikusita, etxegabetzeen kontrako borrokan jarraitzea da bidea, sindikatuaren irudiko. Hala, elkarretaratzea eginen dute gaur, 19:30ean, Gasteizko Faroloian.